Irtenbide bila Mendeluko enbuturako
Udaleko talde politiko guztiek Balazta bizikleta erabiltzaileen elkarteko ordezkariekin bilera izan dute
Mendeluko enbuturako irtenbidea bilatzeko batzartu dira Hondarribiko udal talde guztiak Balazta bizikleta erabiltzaileen elkarteko ordezkariarekin. Horrela jakitera eman du Abotsanitzek bere webgunean argitaratutako ohar baten bitartez.
Amuteko eta Zubimuxuko biribilguneen artean dagoen arazo larriari irtenbidea ematea da elkarteak eskatzen duena. Egoera hau bizikletei, ibilgaluei eta oinezkoei eragiten die, errepidetik joatera ausartzen ez diren txirrindulariak espaloi estuetatik joaten direlako.
Balaztak egoeraren berri emateaz gain, arazoa konpontzeko proposamenak egin zituen bileran. Batetik, errepide zati hori ’30 eremu’ izendatzea; bestetik, bi norabideetan bizikletentzako 1,20 metroko zabalerako errailak margotzea. Horrela, ibilgailuek errepidean bizikletaren bat topatu ezkero, haren atzetik joan beharko dute, betiere aurreratzeko aukera edukita, paretik beste ibilgailu bat ez badator eta 30 kilometro orduko abiadura gainditu gabe.
Abotsanitzek Balaztaren proposamenarekin bat egiten duela jakinarazi du, eta beste proposamen bat jarri du mahai gainean. Asteburuetan Kosta kalean egiten den gauza bera Mendelun egitea proposatzen du alderdiak. Aldaketa honekin, soilik auzotarrek, txirrindulariek, garraio publikoko langileek eta larrialdietakoek erabili ahal izango dute Mendeluko errepidea udako larunbat eta igandeetan. Gainontzeko ibilgailuek ospitaleko biribilgunea erabiltzea proposatzen du Abotsanitzek.
Bi proposamenei erreparatzeko eskatzen dio Abotsanitzek udal gobernuari, bizikleta erabiltzaileen segurtasuna handiagoa izateko.