Bandera berderik ez A Coruñan
Hondarribiko ontziek ezin izan zuten bandera herrira ekarri
Arraunzaleek hainbeste maite dituzten estropadak bueltan dira. Asteburuan eman zitzaion hasiera aurtengo arraun denboraldiari A Coruñan, emozioz beteriko estropada batean, bi jardunaldietan antolatuta. Lehenengo jardunaldia larunbatean izan zen; bigarrena, ordea, igandean. Bertan izan ziren Hondarribiko gizonezkoen zein emakumezkoen ontziak.
Ama Guadalupekoak gogor hasi zuen liga. Paladaz, palada azkarrenak izatea lortu zuten larunbateko estropadan, aurkari zuzenarekin alderatuta ia 2 segundoko aldea lortuz. Berdeek gainontzeko ontziekin izan zuten aldea 16 segundotik gorakoa izan zen.
Arraunzale berdeek larunbatean alde positiboena ezagutu bazuten ere, gauzak nabarmen aldatu ziren igandean ospatu zen jardunaldian. Ama Guadalupekoak ezin izan zuen aurreko egunean lortutako aldea mantendu, eta taularen azken postura pasa zen, eguneko ontzi motelena izateagatik. Bandera Santurtzirentzat izan zen.
Emakumezkoen ontziak erregulartasuna erakutsi zuen itsasoan jokatutako bi jardunaldietan. Garaipenik lortu ez arren, hirugarren postuari eutsi zioten bi egunetan, gorantz duen joera egun batekoa ez dela erakutsiz. A Coruñako banderako sailkapen orokorrean hirugarrenak izan ziren, 23:06,84 denborarekin. Bandera Orioko ontziak eskuratu zuen, azkarrena izan baizen bi jardunaldietan.
Eusko Label Ligako sailkapen orokorrari dagokionez, Ama Guadalupekoa seigarrena da 13 punturekin. Emakumeak, hauek Euskotren Ligan, hirugarren postuan daude 4 punturekin.