Tren Berdea bueltan da
45 minutuko ibilbideak irteerak izango ditu goizetan zein arratsaldetan
Hondarribiko Tren Berdea udalerriko kaleetara bueltatuko da igande honetan. Udalak eta Behemendi Elkarteak antolatutako jarduera uztail eta abuztuan egongo da martxan, igandeetan, astelehenetan eta asteartetan.
Aktibitatea 11:00tan, 12:00tan, 13:00tan, 17:00etan, 18:00etan eta 19:00etan hasiko da. Ibilbidearen iraupena 45 minutu ingurukoa da, eta Javier Ugarte kaletik abiatuta herriko hainbat lekutatik igaroko da trena, hala nola Portuko kaleak, Ramon Iribarren pasealekua, Kai Berria, Higer bidea eta Harresilanda. Ibilbidea hasierako lekuan amaituko da.
Sarrerak trenean bertan erosiko dira, eta adinaren arabera prezioak hurrengoak dira: 13 urtetik gorakoentzat 4 euro, 5-12 urte artekoentzat 2 euro, eta 4 urtetik beherakoentzat doan. Juan Luis Silanes Ingurumen zinegotziak jendea deitu nahi du jarduera honetaz disfrutatzera, bere ustetan “ibilbideak bista ikaragarrietaz gozatzeko aukera ematen duelako”.
Hondarribiko Udalak gogoarazi du Tren Berdera igotzeko musukoa erabiltzea derrigorrezkoa dela.