"Alardea antolatzeko beharrezko protagonismoa hartu beharko luke udalak"
San Martzial mendian gaur udalbatzako kideek egindako ekitaldiaren harira, Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza taldeak pare bat kontu argitu nahi izan ditu.
San Martzial egun berezia izaten ari da gaurkoa. Desfilerik gabe, botoaren betetzea izan da eguneko ekitaldirik esanguratsuena. Bertan izan dira udalbatzako kide guztiak, San Martzial mendian hain zuzen ere. Ekitaldi klasikoaren harira, jaien inguruan egindako irakurketa elkarbanatu nahi izan du Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza taldeak, bereziki gaurko desfileen gainekoa.
“Alardea antolatzeko beharrezko protagonismoa hartu beharko luke udalak”, esan dute lehenik. Jai inklusiboen aldeko mezua zabaldu nahi izan dute, eta horiek berdintasunean ospatzen direla bermatu ahal izateko udal gobernuaren papera zein den nabarmendu dute. “Beharrezkoak da udal erakundeek berdintasunean oinarritutako jaiak antolatzea”, gehitu dute. Irundar guztien partaidetza sustatuko duen jai eredu bat nahi dute formazio moreko kideek, eta bide horretan urratsak emateko gonbita luzatu diote udal gobernuari.
Bide batez, goizeko ekitaldian “injerentziarik gabe eta zinegotzi bakoitzak nahi duen bezala jantzita” botoa betetzeko aukera izan dutela txalotu dute. Aukera “aurrera pausu garrantzitsu” gisa definitu dute taldekoek.