Txapelketa biribila jokatu dute Maite eta Olatz Ruiz de Larramendik
Maitek (izeba) eta Iera Agirrek lehen txapela eskuratu zuen atzo Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketan; Olatz ilobak aldiz, pilota mistoko finalean gailentzea lortu zuen, Amaia Aldairekin batera.
Atzokoa egun berezia izan zen Maite eta Olatz Ruiz de Larramendiarentzat, Laboral Kutxa Emakume Master CUP txapelketa biribila jokatu baitute izeba eta ilobak. Bakoitza bere aldetik, txapela bana gehitu diote familiaren bitrinari. Maitek (izeba), Iera Agirrerekin batera lehen txapela eskuratu zuen atzo (Galeano ahizpei 22-7 gailenduz), eta Olatz ilobak aldiz, bere bigarrena irabazi zuen Amaia Aldairekin batera (Olatz Arrizabala eta Gentzane Aldairi 14-22 irabazita). Beraz, asteburu oparoa izan da Ruiz de Larramendi senideentzat.
Giro bikaina izan zen atzo Uranzu pilotalekuan, lepo beteta utzi zuten irundarrek (udalak ezarritako neurriak errespetatuz noski). 351 eserleku bete zituzten, eta antolatzaileen arabera, kalean jende dezente sartu gabe geratu zen.
Finalei erreparatuta, Iera Agirre eta Maite Ruiz de Larramendiren esperientziak ez zien aukerarik eman Nagore eta Leire Galeanori. Markagailuak iradoki dezakeenaren kontra, partida lehiatua izan zen. Pilota mistoko finalean aldiz, Amaia Aldai eta Olatz Ruiz de Larramendik aukera gutxi eman zizkieten Olatz Arrizabalaga eta Gentzane Aldairi. Huts batzuk pilatu arren, garaipena non zegoen argi izan zuten partida hasieratik. Merezitako garaipena bikotearentzat.
Asteazkenean (ekainak 1), bigarren hitzordua izango dute esku pilota zaleek. San Pedro eta San Martzial jaietako esku pilota txapelketa klasikoa jasoko du Uranzuk.