[Galeria] Hondarribian izandako sexu erasoa salatzera elkartu dira
Hondarribian izandako sexu erasoa salatzera elkartu dira gaur eguerdian hamarnaka herritar, Correoseko plazatxoan egin duten elkarretaratzean.
Hamarnaka hondarribiar bildu dira gaur eguerdian Hondarribiko Correosen pare dagoen plazatxoan, herrian izan den azken sexu erasoa salatzeko. Herriko hainbat alderdi politikok eta Emeki elkarteak deitutako mobilizazioa izan da. Bertan izan dira ere alkatea eta aldundiaren ordezkaritza.
Isila izan da elkarretaratzea, eta garaiak eskatzen duen osasun segurtasun neurriak bete egin dira. Bukatzerakoan, txalo zaparrada erasoa jasan duen emakumeari babesa adierazteko, eta Hondarribian ere horrelakorik onartzen ez dela jakinarazteko. Aurretik, udalean ordezkaritza duten alderdi politikoek erakunde adierazpena egina zuten erasoa irmo gaitzesteko.
Herriko alderdien mezuari, Gipuzkoako Foru Aldundiarena gehitu zaio. Gaur bertan zabaldutako oharrean, foru erakundeak adierazi du bortizkeria matxista kasu hori “indar guztiz salatu eta arbuiatzen” duela, eta elkartasun osoa adierazi diote erasoa jasan duen emakumeari, nahiz haren gertuko eta senitartekoei. Halako erasoen oinarrian emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eza dagoela nabarmendu dute aldundiko iturriek, “emakumeak kontrolpean izan nahi dituzten jarrera eta ideia matxistak dira. Pertsonen duintasuna, askatasuna eta integritate fisikoa eskubide urraezinak dira, eta horien kontra egiten dutenek ez dute lekurik gure gizartean”.
Koronabirusaren aroan gauden honetan aldundiak herritarrei dei egin die bortizkeria matxistaren aurkako konpromisoari eta jarrerari eusteko, “inoiz baino gehiago erne jarraitzeko”. Biolentzia matxista jasaten duten emakumeenganako babes osoa eskatu du foru erakundeak.