Puiana auzoan mugikortasuna eta segurtasuna hobetzeko proposamenak egin ditu EAJk
Puiana auzoan mugikortasuna eta segurtasuna hobetzeko proposamenak egin ditu EAJk. Bidegorrian eta autobus geltokietan eragin nahi dute.
Puiana auzoko Aristegui Enbaxadore plaza eta Bidasoko Ospitalearen arteko bidegorriaren proiektua birplanteatzeko, eta aldi berean auzoan dauden autobusen geltokien banaketa aztertzeko proposamena egin dio gaur Irungo EAJk udal gobernuari. Horien berri emateko agerraldia egin dute gaur udalean bozeramaile Xabier Iridoyk eta Miren Gezuraga zinegotziak. Esan dutenez, hobekuntza txikiak proposatu dituzte, “baina askotan neurri txikiek onura handiak ekartzen dituzte”.
Hala, Puiana eta ospitalea loturko dituen 330 metroko bidegorria martxan jartzear denean, bertan segurtasuna bermatzeko hainbat proposamen landu dituzte jeltzaleek. Auzoko fruta denda zaharraren parean zatitutako bizikleta bidea proposatu du EAJk, norabide bikoitzekoa eta espaloiaren gainean.
Gainera, gune horretako autobusen geltokia kentzeko eskaera egin du alderdiak, espaloia zabalduz eta markersina beste aldera mugituz. “Era berean, kontuan izanik bi zirkulazio-errei daudela, bertako geldialdia mantentzea proposatzen dugu, hortik pasatzen diren L1 eta E22 autobus zerbitzuak ahalbidetuz. Proposamen honen bidez, erabiltzaileak jaisten diren bitartean, ibilgailuek mugimenduan jarraitu ahal izango dute, eta bidegorriak bere errei jarraitua mantenduko luke”, zehaztu dute jeltzaleek. Erretiratuko den markesina beste toki batean jarriko litzateke horrela, La Tahona saltokiaren parean zehazki.
Gainera, farmaziaren aurrean dagoen geltokia ere lekuz aldatzea da EAJren asmoa, zirkulazioan duen eragina murrizteko. Horrela, besteak beste, auzoko bizilagunen eta eskoletako autobusetako gidarien eskaerei erantzuna emango litzaioke, bertan maiz gaizki aparkatutako autoak izan ohi direlako.