[Erreportajea] Esperimentatuz askatasunerantz
Hezkuntza tradizionalaren aurrean bestelako sistema pedagogikoaren alde egiten duten ikastetxe zein gurasoak ugarituz doaz urtero. Egiluzek, Oarsoaldetik Bidasoaldera egokitutako proiektua abiatuko du uztailaren 1ean.
Haurren autonomia bultzatzeko pedagogia sisteman murgilduta eman du azken denboraldia Egiluze Hondarribia ikastetxeko hezkuntza komunitateak. Montessori metodoak bilatu bezala, umeen askatasuna sustatzen duen esperimentazio tailerra martxan dute, ikuspegi zabalago batetik. Alegia, MontessoriLAB izeneko pilulak proiektuaren parte diren arren, Leyre Jimenez ikastetxeko zuzendari pedagogikoak azaldu du joera bakoitzetik zerbait hartzen dutela, «eta gehien gustatu zaigunarekin osatu dugu gure esperimentazio tailerra».
Itxialdian zehar ekin zioten Egiluzeko irakasleek MontessoriLAB pilulak gurasoen artean banatzeari. «Eskolan garatuko zenaren inguruko gomendioak ematen genizkien», adierazi du Jimenezek. Hezkuntza filosofia berri hori etxera egokitu behar izan zuten konfinamenduaren ondorioz, baina aurretik proiektua garatzen esperientzia bazutela kontatu du. Oarsoaldean martxan jarri zuten esperientzia pilotua, eta Bidasoaldera ekartzea erabaki dute.
Atal ezberdinek osatzen dute proiektua. Batetik, gurasoei bidalitako aholku pilulak daude, eta bestetik, ikastetxean bertan aurrera eramango den aldaketa dago. Hori guztia, hala ere, ia prest dutela jakinarazi du Jimenezek, uztailaren 1ean zabalduko baitizkiete ateak txikienei. «Aurten zenbait gauza egiten hasi garen arren, asmoa zen datorren ikasturtean martxan jartzea», kontatu du, «baina konfinamendua suertatu zenez, prozedura arindu eta uztailaren 1ean abiatuko dugu azkenean».
Hortaz, zero eta bi urte arteko umeentzat haurtzaindegia zabalduko dute, eta hiru eta sei urte artekoentzat, aldiz, udalekuak egingo dituzte. «Haur Hezkuntzari dagokion etapan aurrera eramango dugu proiektua», zehaztu du adituak. Dagoeneko, gainera, taldeak bete dituztela adierazi du, berrogei denera, hogei lagunekin txikien taldean eta beste hogeirekin hurrengoan, ezin baitituzte talde handiagoak onartu. COVID-19aren protokolo orokorra eta propioa medio horrela mugatzea erabaki dute.
Egokitutako eremuak
Esperimentazio tailerra aurrera eraman ahal izateko eremu ezberdinak prestatu dituzte Egiluzeko arduradunek. Barrualdean, esaterako, Goxo-goxo gunea sortu dute, dena «txikien beharretara eta neurrira egokitua». Oso garrantzitsutzat jo du Jimenezek espazioa egokituta egotea, gehienbat autonomia bultzatzea baita xedea, baita irudimena eta esperimentazioa sustatzea ere. «Haurrak askatasun osoz ibiltzea nahi dugu», erantsi du Egiluzeko kideak.
Kanpoaldeak ere «garrantzi handia» du Jimenezentzat, eta Goazen Kanpora izenpeko dinamika da bertan jarraituko dutena. Bertan, baratzea, konpostagailua, lorategia, Xomorroen hotela, Hodeilekua… prestatu dituzte, naturarekiko lotura eta interesa berreskuratzeko asmo zuzenarekin. Izan ere, haurrak geroz eta denbora gehiago kanpoaldean ematea da helburua: «Esperimentatzen, manipulatzen eta inguruaz ohartzen».
Horretako, eremu bakoitzean abilezia ezberdinekin lotutako elementuak erabiliko dituzte, eta ildo horretan bakoitzaren indarguneak garatzeko asmoa dute. Esaterako, musikan murgildu nahi duten umeek The Music Wall erabiltzeko aukera izango dute, eta horren bitartez, esperimentatu, manipulatu eta musika sortu. Informazioaren arabera, matematikak edota hizkuntza lantzeko eremuak ere badaude.
«Nahieran» mugitu ahal izango dira umeak espazio ezberdinetan, «bakoitzaren beharren edo nahien arabera». Hala ere, erregistro batean umeek erabiltzen dituzten espazioak apuntatuko dituzte, eta baten batek gune zehatzen bat ekiditen badu hori probatzera animatuko dute: «Agian aurkikuntza positiboa izan baitaiteke berarentzat, edo alderantziz». Era horretan umearen askatasunean indarra jarri nahi du proiektu pedagogikoak.
Agortutako sistema
Hezkuntza sistema tradizionalaren aurrean gero eta gehiago dira bestelako hautuak egiten dituzten gurasoak. Jimenez ados agertu da beste sistema pedagogiko bat garatzeko beharrarekin, eta irakasleek tradizionalki izan duten protagonismoa haurrei ematea hobetsi du. Areago, ezinbestekoa ikusten du txikien ahuleziak eta indarguneak identifikatzea, eta azken horiek indartzea, «ez soilik irakasgai instrumentaletan». Musika, soinketa edo artea bezalako zeharkako lerroei dagokien «garrantzia» ematea ezinbestekoa dela uste du. Hala, haurren autonomia, sormena, taldean lan egiteko gaitasuna edo egoera berrietara egokitzeko ahalmena indartzeko sistema tradizionala alboratzea beharrezkotzat du.
Etxean bezala da Egiluze ikastetxearen leloa, eta konfinamenduan «hurbiltasun beharra eta nahia» agerian geratu direla aipatu du Jimenezek, «emozioei garrantzia handia ematen diegu». Eta zeharkako irizpide horiek lantzeko bestelako sistema bat behar dela berretsi du.