Orain dela egun batzuk izandako eraso matxista gaitzetsi du udalak
Udalak "hurbiltasuna eta elkartasuna" helarazi dizkio erasotutako emakumeari. Ez da gertaeraren gaineko informazio gehiagorik zabaldu.
“Gaitzespen irmoena” agertu nahi izan du Hondarribiko Udalak orain dela egun batzuk gertatutako eraso matxistaren aurrean. Erasotutako emakumeari “erabateko hurbiltasuna eta elkartasuna” helarazi nahi izan dio udalak, eta bortizkeria matxista pairatzen duten biktimei zuzendutako Gizarte Zerbitzuen babesa haren eskura jarriko duela adierazi du. Ez da gertaeraren gaineko informazio gehiagorik zabaldu.
Hondarribiko Udala osatzen duten alderdi guztiek sinatutako adierazpenaren arabera, “tankera horretako eraso guztiek gizon zein emakumeen, eta oro har, gizarte osoaren, errespetuzko bizikidetza demokratikoa urratzen dute, eta, giza-eskubideen urraketa diren neurrian, gure herrian eraso sexistak erabat lekuz kanpo daudela nabarmendu nahi du Hondarribiko Udalak. Pertsona guztiek, emakume nahiz gizaseme, elkarrekin duintasunez eta segurtasunez bizitzeko eskubidea baitugu”.
Erasoen oinarrian gizon eta emakumeen artreko “berdintasun falta” dagoela agerian uzten dute halako gertakariek tokiko gobernuarentzat, eta hori “prebenitzea, detektatzea eta horri erantzutea denon egitekoa” dela ohartarazi du.
Azkenik, udaleko Gizarte Zerbitzuak indarkeria pairatzen duten emakumeen esku daudela gogorarazi dute, baita horien telefonoa ere: 943 11 12 91. Halaber, Emakunderen 900 840 111 eta SOS Deiak-eko 112 zenbakiak ere erabilgarri daudela adierazi du udalak.