Asteburuko kultur agenda birtuala
Kultur agenda bertan behera gelditu zen larrialdi egoera ezartzearekin batera. Ordutik, emanaldi birtualak antolatzen ditu udalak asteburuetan.
Asteburuko kultur agenda birtuala gogorarazi du Hondarribiko Udalak. Larrialdi egoera ezarri zenean bertan behera geratu ziren aurrez aurreko emanaldi guztiak eta egoerari aurre egiteko, kultur agenda sarean eskaintzea erabaki zuen udalak. Geroztik, astebururo kultur ekitaldiak ikus daitezke udalaren webgunean eta Twitter zein Facebook kanaletan ere.
Gogoratzekoa da ostiraleko edukia herritar orori zuzenduta dagoela, larunbatekoa umeei eta familiei, eta igandetakoa tokiko artisten, merkatarien edota ostalarien esku geratzen da, haientzako interesgarriak diren edukiak partekatu ahal izateko.
Ondokoa da asteburuko programazioa:
- Gaur, 18:30ean. Musika emanaldia Hondarribiko Musika Eskolako ikasleen eskutik.
- Bihar, 18:30ean. Dimiter Inkiow idazlearen Matrioska eleberrian oinarritutako ipuin kontaketa egingo du Lupe Lekuona kontalariak.
- Etzi, 12:00etan. Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren barruan, ortzadar koloredun banderak jartzea eta maskaren banaketa. Aurreko urteetako pregoneroen hitzaurrea eta bideo baten emanaldia. 13:00etan mokadutxoa hartuko dute.
- Etzi, 18:30ean. Estitxu Ortolaizen Hariya eta Axalian argazki erakusketak.