Udan hiriko familiak laguntzeko diru partidak adostu ditu udalak
Euren ardurapean adingabeak dituztelako edo etxetik kanpo lan egin behar dutelako udako hilabeteetan (uztaila eta abuztua) zailtasunak izango dituztenek laguntza jasoko dute aurten.
Hilabete hasieran hiriko familiei laguntzeko udalak aztertutako laguntzak onartu berri dituzte. Beraz, euren ardurapean adingabeak dituztelako edo etxetik kanpo lan egin behar dutelako udako hilabeteetan (uztaila eta abuztua) zailtasunak izango dituztenek laguntza jasoko dute aurten.
Hala, udako bi opor hilabeteetan haurrek egingo dituzten jarduerak subentzionatuko ditu udalak, gutxienez astebeteko (egunean bi orduz) iraupena izango duten horiek, hain zuzen ere. Gainera, bost ordutik gorako heziketa zein kirol ikastaroak ordaintzeko laguntza ematea ere aurreikusi du udala. Ondorengo gastuek jasoko dute laguntza:
- Adingabeak etxean zaintzeko edo hezteko pertsonak kontratatzeko.
- Familiei adingabeak zaintzen laguntzeko enpresak kontratatzeko fakturen zenbatekoa.
- Irunen prestakuntza ikastaroak egiteko fakturen zenbatekoa.
Laguntza jaso ahal izateko, ondorengo baldintzak bete beharko dira:
- Adingabea 2008tik 2016ra bitartean jaiotakoa izatea.
- Adingabea eskatzailearekin batera erroldatuta egotea.
- Bi gurasoek edo guraso bakarreko familietako gurasoak lan egitea.
- Bizikidetza unitate eskatzailearen urteko errenta 50.000 eurotik gorakoa ez izatea.
Honakoak aldiz, familien urteko errentaren arabera emango dituzten laguntzak dira:
- 25.000 euroko edo hortik beherako urteko errenta dutenek 125 euro jasoko dituzte bizikidetza unitateko eta hileko.
- 37.000 euroko edo hortik beherako urteko errenta dutenek 100 euro jasoko dituzte bizikidetza unitateko eta hileko.
- 50.000 euroko edo hortik beherako urteko errenta dutenek 75 euro jasoko dituzte bizikidetza unitateko eta hileko.
Subentzionatutako jarduera seme-alaba batek baino gehiagok egiten badu, 75 euro gehiago jasoko ditu familiak.
Laguntzak eskatzeko epea uztailean irekitzea aurreikusi du udalak. Irailaren 11era bitarte eskatzeko aukera izango dute irundarrek. Informazio gehiago, esteka honetan.