Lehen urteurrena biribiltzeko, lehen mailako esku pilota
Ezohiko neurriekin jokatuko dute aurtengo sanmartzialetako esku pilota txapelketa Uranzu pilotalekuan. Plater nagusia Olaizola II-Zabaleta eta Bengoetxea VI-Martijaren arteko partida izango da.
Jaiak bereziak izaten ari diren bezalaxe, aurtengo San Pedro eta San Martzial jaietako esku pilota txapelketa klasikoa ere berezia izango da. Ezohiko neurriekin zabalduko dute Uranzu datorren asteazkenean (uztailak 1), lehen mailako esku pilota jasotzeko. Plater nagusia Olaizola II-Zabaleta eta Bengoetxea VI-Martijaren arteko partida izango da, eta aurretik, Agirre-Eskiroz Zabala-Tolosaren aurka ariko dira. Kirol gaua 22:15ean hasiko dute, eta bertaratzeko aukera ez dutenek, ETB 1-n zuzenean jarraitzeko aukera izango da.
“Urantzu frontoia berritu eta lehen pilota partida egin zenean, duela urtebete, ezin genuen pentsatu urtebete beranduago honelako egoera batean egongo ginenik. Jaialdi berezia izango da, bizitzea tokatu zaigun egoeragatik bereziak izan diren festei amaiera emateko. Irungo pilotazaleek hainbeste espero duten urteroko hitzordu klasikoa normaltasun honek eskatzen duen ardura eta zuhurtziarekin gozatzea espero dugu” adierazi du gaurko aurkezpenean Jose Antonio Santano alkateak. Harekin batera Borja Olazabal kirol ordezkaria eta Aspeko arduradun Inaxio Errandonea izan dira.
Egungo egoerari moldatu behar izan dute partida. Hala, edukiera %60koa izango da, hau da, 400 eserleku inguru erabilgarri izango dira. Maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango dela gogoratu du udalak. Sarrerak 25 eurotik gora eskura daitezke jada, esteka honetan.