Harrotasunaren Egunarekin bat egin du aurten berriz ere udalak
LGTBIQ kolektiboari "laguntza eta ikusgarritasuna" ematearekin ados agertu da udala eta ortzadarraren banderak zintzilikatuko dituela Arma Plaza gunean eta udaletxean gaineratu du.
Hilaren 28an, igandearekin, Harrotasunaren Nazioarteko Eguna ospatuko du LGTBIQ kolektiboak, eta garai batetik hona egin bezala, ospakizunarekin bat egin du Hondarribiko Udalak. Aurten, hala ere, ekitaldirik ezingo dela ospatu azaldu du, baina LGTBQI herritarrei “laguntza eta ikusgarritasuna” emateko asmoz Arma Plaza informazio guneko eta udaletxeko balkoietan ortzadarraren ikurrina zintzilikatuko dutela ezaguturazi du.
Udaleko arduradunek zabaldu dutenez, “agian, aurten inoiz baino zentzu gehiago izan zezakeen ospakizunak, mundu guztiak jasan baitu konfinamendua, bere borondatearen kontrako entzierro luzea izan delarik”. Ildo horretan, hori izan dela LGTBIQ kolektiboak izan duen “sentsazio bera” urte luzeetan zehar adierazi dute, eta zirurrenik, “oraindik ere gugandik hurbil dauden gazte zein ez hain gazteen egoera, beren baitan giltzapetuta eta beren sexualitatea askatasunez adierazteko balio edo aukerarik gabe”.
Hori horrela, aurreko urteetan bezala, Fenomena Kultur Elkarteak kolore anitzeko bandera jarriko du Arma Plaza gunean, eta ortzadarraren koloreetako musukoen banaketa egingo du, 12:00etan. Horrez gain, Lander Berges eta Jose Cortes aurreko ekitaldietako pregoneroek hitz batzuk eskainiko dituzte sare sozialen bitartez.