Emakume Master Cup txapelketaren finalek Uranzu pilotalekua hartuko dute igandean
Norbanako eta talde mistoko finalak jokatuko dituzte igandean. Sarrerak gonbidapenarekin eskuratu beharko dira.
Bi esku pilota final handiz gozatzeko aukera izango dute asteburu honetan irundarrek. Izan ere, Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketak hartuko du Uranzu pilotalekuak datorren igandean (hilak 28). Halere, ezohikoa izango da, egungo egoerari egokitu behar izan baitute finala. Gehienez 351 lagun bertaratu ahal izango dira, “segurtasun neurri guztiak zorrotz betez”. Bertaratzeko aukera ez dutenek ETB-1ean bi finalak jarraitzeko aukera izango dute.
Lehen finala Iera Agirre-Maite Ruiz de Larramendi nafarrek Nagore eta Leire Galeano antzuolarren aurka jokatuko duten partida izango da. Pilota mistoan ordea, Olatz Arrizabalaga eta Gentzane Aldai bizkaitarrek Leire Garai eta Olatz Ruiz de Larramendi izango dituzte parean.
Sarrera gonbidapenarekin lortu beharko da. Hauek, esteka honetan eskuratu daitezke. Finalak 17:00etatik aurrera jokatuko dituzte.