Alarde parekidea: "Elkartasuna gehien sufritu dutenei, esker ona lehen lerroan egon direnei"
Aurtengo desfilea egiteko zailtasunen aurrean, mezu bat helarazi nahi izan diete herritarrei. Horretarako, diptiko bat banatu dute hiriko etxebizitza guztietan.
Aurten alarde parekideak ez desfilatzeko erabakia hartu arren, ospakizun egun hauetan mezu bat helarazi nahi izan diete irundarrei. Lehenik, herritar guztiak agurtu nahi izan dituzte. Horretarako, hiriko etxe guztietan diptiko bat banatu dute, ondorengo mezuarekin: “elkartasuna gehien sufritu dutenei, esker ona lehen lerroan egon direnei, eta krisi honetatik gizarte hobea, berdinagoa eta elkartuagoa izanik aterako garen konfiantza, itxaropena eta irmotasuna”.
Diptikoaz gain, aurten desfilatzeko gogoz geratzen direnentzako askotariko elementuak bildu dituzte webgune honetan. Bertan, argazkiak, bideoak, agiriak eta alardearen historiaren pasarte batzuk jaso dituzte. Bestetik, iazko entseguetako bideo batzuk ere zintzilikatu dituztela jakinarazi dute. Hala, hilaren 28, 29 eta 30ean programazioa egongo dela azaldu dute, online bidez noski. Facebook, Instagram eta Telegram sare sozialak baliatuko dituzte horretarako.