Presoen egoera arintzeko eskatuko dio udalak Espainiako Gobernuari
EH Bilduk aurkeztutako 'Presoak pandemia garaian' izenpeko mozioak EAJren eta Abotsanitzen babesa jaso zuen; talde sozialistak bere aldetik ezadostasuna agertu zuen proposamenarekin.
Espetxeratutako herritarren eskubideen defentsan Presoak pandemia garaian izenpeko mozioa aurkeztu zuen EH Bilduren udal taldeak iragan asteko udalbatzarrean. Proposamenak Hondarribiko Udalbatzaren gehiengoaren babesa jaso zuen, EAJ eta Abotsanitz, eta soilik PSE-EEren udal taldeak aurka egin zuen.
Xabier Isasi koalizioko bozeramaileak azaldutakoaren arabera, izurriak “eragin handia” izan du espetxean dauden pertsonengan, eta “testuinguru horretan nazioarteko erakundeek neurri espezifikoak hartzera premiatzen dute”. Espainiako Estatuak gainera, “preso tasa globalik altuenetakoa du Europan, 126 preso 100.000 biztanleko”.
Zentzu horretan, ondoko datuak biltzen ditu dokumentuak: “Emakume ratio handienetakoa %7,5; atzerritarrak %28,1; 50 urtetik gorakoak %40; ezgaitasun fisiko eta psikikoa dutenak %5,17, bai eta espetxaldiaren batez besteko iraupen altuenetarikoa ere, 21 hilabete”.
Datuei erreparatuta, “estatitiska aurrerakoiago batzuetara heltzeko marjina” dagoela uste du Isasik. Hortaz, Espainiako Gobernuak hirugarren graduan eta soilik lotara itzultzen diren pertsonei zuzendutako neurriak iragarri arren, “kontrol telematikorako gailuen gabezia dela-eta soilik 3.000 presori aplika diezaieke neurria”.
Iosu Alvarez talde sozialistako bozeramaileak ezadostasuna agertu zuen poposamenarekin, eta mozioa “EH Bildu, Unidas Podemos, Más País, ERC, CUP, JxC, EAJ, BNG eta Compromís alderdien arteko maiatzaren 11n sinatutako akordioaren ondorio zuzena” dela adierazi zuen. Hala ere, EH Bilduren mozioak jasotako zenbait neurri Espainiako Gobernuak maiatzaren 13an iragarritakoekin bat egin dutela-eta ukatu zuen Alvarezek mozioa.