Aurten ere ortzadarrak hiria argiztatuko du
Igandeko LGTBI + Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren harira antolatutako egitaraua moldatu behar izan du udalak. Ekintza asko atzeratu egin dituzte.
Beste urte batez Irunek bat egin du LGTBI+ kolektiboarekin, eta hilaren 28ko Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren harira zenbait ekitaldi antolatu dituzte, egungo egoerari egokituta noski. Aldarrikapen egunerako antolatutakoa moldatzera behartu ditu egungo egoerak, beraz, online bidez egingo dute ohiko ekitaldi nagusia.
Aurtengoa, gainera, azken urteotako “bereziena” izango zela azaldu du udalak, Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza taldearen mozioari esker egitarau zabala prestatu baitzuten. Halere, ekintzak atzeratzeko erabakia hartu dute, ez bertan behera uztekoa. Hala, datozen hilabeteetan iganderako aurreikusitako ekintzak egingo dituztela zehaztu du Elkarrekin Podemoseko bozeramaile David Sotok. Esaterako, CBA liburutegiko baranda eta Artaleku zein Luis Marianoko sarbideen eskailerak ortzadarraren koloreekin margotuko dituzte.
Igandean aldiz, udaletxeko fatxada ortzadar handi batek apainduko du, eta gauean, kolore berberekin argiztatuko dute eraikina. Aurten ere Irunen zu zeu izan zaitez leloa erabiltzeko asmoa du udalak. Horrekin batera, Gehitu-ko kideekin batera osatutako bideo bat ikusgai izango da larunbatean, Youtuben, 12:00etatik aurrera. Bertan, irundar askoren iritziak bildu dituzte.
Bideoa zabaltzeko asmoz, QR kodeak baliatuko dituzte, hiriko kaleetan dagoeneko zintzilik dauden kartelen bitartez. Irunbus-en autobusetan ere informazio guztia ikusgai dago.