2020. urteko denboraldirako eskifaiak aurkeztu ditu arraun elkarteak
San Joan bezperako suarekin batera egin ohi du Hondarribia Arraun Elkarteak ontzien aurkezpena, nahiz eta osasun neurriak direla-eta soilik kirol klubeko kideek parte hartu duten aurtengo ekitaldian.

Hondarribia Arraun Elkarteak 2020. urteko denboraldian parte hartuko duten arraunlarien aurkezpena egin zuen atzo, San Joan bezperarekin batera. Egun berezi honetako sua baliatu ohi du klubak traineruen aurkezpena egiteko, nahiz eta aurten, osasun segurtasun neurriak direla eta, elkartean bertan egitea erabaki duten soilik klubeko kideekin partekatutako ekitaldian.
Hiru traineru itsasoratuko ditu aurten ere Hondarribiak, gizonen A eta B ontziak batetik, eta emakumeena bestetik. Hala, 28. urtez gizonen bi traineru lehiatuko dira Hondarribiaren izenean, lehena Eusko Label Ligan eta bigarrena, Kantauriko Arraun Elkarteen (KAE) bigarren ligan. Emakumeen eskifaiak, bere aldetik, hirugarren urtez jarraian Euskotren Ligan parte hartuko du.
Bertan kontsulta daitezke traineru bakoitzean ariko diren arraunlariak.