Zaldunborda Geldituk "pozgarritzat" jo du HAPOa baliogabetu izana
Hondarribiko udal gobernua, eta EAJ oro har, egin dute egoeraren "errudun", eta pozik agertu arren, "hainbat proiektu indefinizio juridikoan" geratu izana deitoratu dute plataformako kideek.
Zaldunborda Gelditu plataformako kideek Hondarribiko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) kontrako sententzia baloratzeko agerraldia egin dute gaur goizean, Arma plazan. Berri “pozgarritzat” jo dute Zaldunbordako egitasmoa bertan behera geratu izana, baina zenbait proiekturen egoera deitoratu dute: “Berri pozgarria da Zaldunbordarako, berri pozgarria da eskualderako, baina ez ordea Hondarribiko biztanleentzako, HAPOa baliogabetzean, denok dakigun bezala, Hondarribiko hainbat proiektu indefinizio juridikoan gelditzen direlako”.
Udal gobernu jeltzalea egin du egoeraren errudun, “gehiengo absolutua izateak alkatea larderiaz eta egoskorkeriaz aritzera eraman baitu”. Are gehiago, EAJ “instituzio ezberdinetan proiektuaren babesle nagusia” izan dela kritikatu dute plataformako kideek.
Hori horrela, gogoeta egitera deitu dute plataformatik, “akatsetatik ikastera, XXI. mendeko Hondarribian zein eskualdean bere osotasunean pentsatzera”. Gizarte, ekonomia eta ingurumen “iraunkorrak” aldarrikatu dituzte taldekideek.
Helegitea
Hondarribiko EAJren gobernu taldeak HAPOaren aurkako sententzia aztertu eta helegitea jartzea baztertu ez izatea haien “estiloa” dela iritzi dio Sonia Herce plataformako kideak. Izan ere, haren aburuz “gehiengo osoa nahi dutena egiteko baliatzen dute, gainontzeko alderdiei eta herriari entzun gabe”.
Ildo beretik mintzatu da Maria Carrera taldekidea, eta argi utzi du tokiko gobernuak ez duela onartuko “gaizki egin duenik” EAJren posizioa “akats txiki” bat egin izanarena baita harentzat. “‘Plana ondo dago’, hori da beraiek esaten dutena”, erantsi du.
Gipuzkoako Batzar Nagusiek, bestalde, hilaren 5ean Zaldunbordako egitasmoa etetearen aurka egin izana “ulertezina” dela adierazi du Carlos Murus Eguzki talde ekologistako eta Zaldunborda Geldituko kideak. Izan ere, “kontraesana” iruditzen zaio eskualdeko PSE-EEk proiektua zalantzan jartzea, eta gero aldundian horren alde egitea.
Osasun larrialdi krisia eta aurreikusitako krisi ekonomikoaren aurrean “enpatia” falta leporatu die Hercek egitasmoaren sustatzaileei, eta Batzar Nagusietan gertatutakoak “kezkatuta” utzi zuela ohartarazi du: “Argi ikusi dugu beraien aldetik ez dugula languntzarik izango, eta askotan esan dugu guk ez dugula horrelako jarduera ekonomikorik nahi”.
Zaldunborda bizirik nahi dute
Plataformako kideek iragarri dutenez, momentuz, ez dute Zaldunborda Gelditu desegiteko asmorik “gauza asko gelditzen direlako egiteko”. Hortaz, lurzorua lehengoratzeko lanak amaitzera gonbidatu dute Higertoki, “hondakinak jaso behar direlako, eta sinatutako kontratuaren arabera, proiektuak aurrera eraman nahi zuen Higertoki enpresari dagokio lan hori bukatzea”.
Zaldunbordako egitasmoa bertan behera gelditu dela uste dute, eta hemendik aurrera “Zaldunborda bizirik” nahi dutela zehaztu. “Horregatik, Hondarribiko hurrengo HAPOa egiterakoan, hortxe egongo gara, zain, gure ekarpenak egiten”, bukatu dute.