Abotsanitzen mozioa baztertu eta udal langile zerrenda osatzeko mozio propioa onartu du EAJk
Udal langile plantilla osatzeko proposmena aurkeztu zuen Abotsanitzen udal taldeak osteguneko osoko bilkuran, baina gehiengoa baliatuta jeltzaleek euren proposamen propioa onartu zuten azkenean.
Hondarribiko udal langileek pairatutako behin-behinekotasuna eta bete gabeko lanpostuak udalak duen arazo “larrienetakoa” dela argudiatuta, egoerari aurre egiteko mozioa aurkeztu zuen Abotsanitzen udal taldeak osteguneko osoko bilkuran. Hala eta guztiz ere, EAJren udal alderdiak kontramozioa aurkeztu zuen Igor Enparan Abotsanitzeko bozeramailearen azalpenen ondotik. Gainontzeko taldeek edukia ezagutzen ez zutela-eta etenaldia egitea proposatu zuen Txomin Sagarzazu alkateak.
Egoera ikusita “harridura” agertu zuen Enparanek; areago, jeltzaleek jarraitutako lege forman akatsa egon daitekeela uste du, HITZA-ri azaldu dionez. Xabier Isasi EH Bilduren bozeramaileak ere hainbatean salatu zuen EAJren udal gobernuak jarraitutako prozedura, baita Iosu Alvarez sozialisten bozeramaileak ere.
Gehiengo osoa baliatuta, azkenean jeltzaleen proposamena onartu zuen udalbatzak. Ondokoak dira Hondarribiko gobernu taldeak hartutako konpromisoak:
- 2021. urteko lehen hiruhilerako udal langileei buruzko hitzarmena zehazteko konpromisoa hartzen du Hondarribiko Udalak.
- 2019ko Lan Eskaintza Publikoan jasotako lehentasunen arabera kontratazioari ekiteko konpromisoa hartzen du Hondarribiko Udalak.
- Gizarte Zerbitzuen Departamentuaren behar atzeraezinengatik ere kontratazioari ekiteko konpromisoa hartzen du Hondarribiko Udalak.
- Erretiroa hartuko duten langileen ordezkapena gauzatzeko konpromisoa hartzen du Hondarribiko Udalak.
- Edonola ere, udalaren jarduna eta erabakiak une bakoitzean ezartzekoak diren legezko xedapenen irismenaren azterketaren ondoren garatuko dira.