Haur parkeak eta kirol eremuak 'normaltasunera' itzuli dira
Aire zabaleko eremu publikoez gain, zerbitzu ugari dagoeneko martxan direla jakinarazi berri du udalak.
Irungo Udalak jakinarazi berri duenez, hiriko gune publiko gehiago normaltasunera itzultzen hasi dira, ohiko irudia berreskuratu dute askok. Esaterako, atzo zabaldu zituzten haur parkeak, ezohiko neurriekin noski. Lau metro koadro bakoitzeko haur bat ahalko da bertaratu parkean, eta etengabeko garbiketa lanak egingo dituzte guztietan.
Bestalde, hiriko aire zabaleko kirol instalazioak ere zabaltzen hasi direla iragarri dute. Hala, kaleko kantxak ere zabaldu dituzte, edukiera mugatuarekin. Futbol zelaiak aldiz, uztailaren 6an irekiko dituzte.
Era berean, ondorengo zerbitzuak ere martxan direla jakinarazi dute: Zeramika, Marrazketa eta Pintura tailerra, Irun Factory lokala, Udal Musika Eskola, ludotekak, Gaztelekua eta Euskaltegia. Amaitzeko, udalak azaldu du dagoeneko auzoko elkarteetako jarduera berreskuratu daitekeela, neurri guztiak kontuan hartuta.