1906tik gaur bitarteko sanmartzialak, Amaian ikusgai
Azken 114 urteetako sanmartzialak iragartzeko erabili diren kartel eta programak jaso dituzte erakusketa batean. 62 kartel eta 61 programa daude ikusgai.
Sanmartzial jaien hasierarekin batera, Amaia Kultur Zentroak erakusketa oso berezia antolatu du datozen festa egunetarako. Inprimatutako emozioak. San Pedro eta San Martzial erakusketa inauguratu dute gaur. Bertan, 1906tik gaur bitarte sanmartzial jaiak iragartzeko erabili dituzten kartel eta programak bildu dituzte.
Luis Marianok 1933an diseinatutako programa, Gaspar Montesen 1961eko akuarela… Askotariko lanak izango dira ikusgai erakusketan. Orotara, 62 kartel eta 61 programa jaso dituzte. Uztailaren 19ra bitarte bisitatzeko aukera izango da, asteartetik larunbatera, 18:00etatik 21:00etara eta igande eta jai egunetan aldiz, 11:30etik 13:30era. Bertaratzeko, maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da.