Sanmartzialak «arduraz» gozatzeko deia egin du udalak
Datozen jai egunei begira «erantzukizuna» eskatu dute udaletik, «birusaren aurkako borrokan aurre egiten jarraitzeko, atzera egin eta lortutako guztia alde batera utzi beharrean.
Aurtengo San Pedro eta San Martzial jai berezien atarian (bihar hasiko dira), agerraldia egin dute udaleko, Bidashop-eko, Mugan-eko eta Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko kideek. «Egoera normalean, gaurkoa sanmartzialak antolatzen hasteko egun handia izango zen. Baina aurten, COVID 19aren osasun krisiak ahalik eta erabakirik mingarriena hartzera behartu gaituzte, eta konturatu behar izan dugu ezingo ditugula jaiak gehien gustatzen zaizkigun bezala gozatu», adierazi du Kultura saileko ordezkari Juncal Eizagirrek.
Datozen egunei begira «erantzukizuna» eskatu dute udaletik, «birusaren aurkako borrokan aurre egiten jarraitzeko, atzera egin eta lortutako guztia alde batera utzi beharrean. Guztiok jabetu behar dugu egoeraz. Egun hauek arduraz bizi ditzagula. Badakit guztion ilusioak eta pozak gozatzeko momentu eta moduak aurkitzen lagunduko digula, segurtasun eza sortuko duten egoerak saihestuz. Kaleetan ez dira ekintzak egongo, baina seguru nago gutako bakoitzak urte hau berezia izatea sustatuko dugula», erantsi du Kultura saileko ordezkariak.
Era berean, hiria jaietako koloreekin apaintzeko deia egin diete irundarrei, balkoiak eta leihoak txuri, gorri eta beltzez janzteko.
Jai egun nagusietan oinezkoentzako gune batzuk zabaltzeko asmoa du udalak, bereziki merkataritza mugimendu handiena duten puntuetan. Halere, pertsonen arteko distantzia errespetatzea eta maskara erabiltzeko eta eskuen higiene egokia mantentzeko deia egin dute. Oinezkoentzako gune horiek handitzeko, espaloiak zabalduko dituztela iragarri dute, «ilarak eta pilaketak saihesteko asmoz». Neurriak ez dute soilik erdigunean ezarriko, izan ere, San Miguel edo Santiago inguruan ere horrelakoak sortuko dituzte.
Trafiko aldaketak
Trafikoak ere aldaketa nabarmenak jasango ditu datozen egunotan. Zehazki, hilaren 26tik (ostirala) uztailaren 1era bitarte honako aldaketak izango dira: Javier Esteban Indar kalearen bi aldeetako aparkalekuak kenduko dituzte, Legia kaleko aparkalekua kenduko dute eta San Martzial kalea zein Kolon pasealekua moztuko dituzte.
Aparkaleku alternatibo gisa, ondorengo guneak erabilgarri izango dira: Dunboa eta Lekaenea ikastetxeetako eta Bidasoa Institutuko patioak eta Alde Zaharreko bizilagunentzako San Juango aparkalekua.