Pasquier enpresako langileen «egoera kezkagarria» salatu dute
ELA, LAB eta CCOO sindikatuetako ordezkariek mobilizazioa egin dute gaur San Juan plazan. 57 urtetik gorakoak etxera bidali nahi dituztela salatu dute, eta 57 urtetik beherakoek «diru galera handia» jasango luketela.
Irungo Recondo-Pasquier enpresako LAB, ELA eta CCOO sindikatuetako ordezkariek elkarretaratzea egin dute gaur San Juan plazan, bertako langileak jasaten ari diren «egoera kezkagarria» salatzeko. Goizean Jose Antonio Santano alkatearekin (PSE-EE), eta EAJ, Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza eta EH Bilduko ordezkariekin bilera izan dute ordezkariek, eta euren kezka eta nahiak mahai gaineratu dituzte.
Gaurkoan salatu dutenez, 57 urtetik gorako langileak «etxera bidali» nahi dituzte, «diru poltsa txiki batekin, jubilaziorako garantiarik gabe eta pentsioa %28eko galerarekin». 57 urtetik beherakoak ordea, Katea auzoan eraikitzen ari diren egoitza berrira mugituko dituzte, baina urtean zehar 5.000 euro inguruko galera jasango luketela salatu dute gaurkoan. «Lan prekariora joango lirateke, eta diru galera handiarekin gainera», esan dute amorruz.
Ordezkariek azaldu dutenez, 2022an aurreikusi dute jabeek enpresa ixtea.