Izurriaren ondoko jarraipena egiteko lau lantalde sortuko ditu udalak
EH Bilduk Hondarribiaren garapenerako mahaia sortzeko mozioa aurkeztu zuen osoko bilkuran, baina jeltzaleek koalizioarena atzera bota eta proposamen propioa aurrera atera zuten azkenean.
Hamaika gai eztabaidatu zituen Hondarribiko Udalbatzak osteguneko osoko bilkuran. Horien artean, izurriaren ondoko egoeraren jarraipena egiteko, Hondarribiaren garapenerako mahaia sortzeko proposamena mozio bidez aurkeztu zuen EH Bilduk, maiatza erdialdean iragarri bezala. Hala ere, mozioak ez zuen babes nahikorik jaso, eta EAJren udal taldeak momentuan aurkeztutako proposamena onetsi zuen azkenean udalbatzak.
Turismoak azken urteotan hartutako pisua “gehigizkoa” dela kontuan izanda, pandemiaren jarraipena egiteko eta egoera sozioekonomikoa aztertzeko “kooperaziorako” mahai bat eratzea jaso zuen koalizio abertzaleak bere proposamenean. Bertan, alderdi politikoez gain, eragile ekonomikoak, sozialak, kuturalak edota bestelakoak ere egon beharko luketela adierazi zuen Xabier Isasi bozeramaileak.
Txomin Sagarzazu alkateak bere aldetik, mozioaren zenbait xehetasunekin ezadostasuna agertu zuen, eta proposamen propioa aurkeztu. Horren arabera, lau lantalde eratzea proposatu zuen udal agintariak, eta helburua “pandemiaren eta egoeraren jarraipena” egitea izango dela gaineratu. Emandako azalpenen arabera, “gaiak aztertu, proposamenak egin, eta zinegotzien arteko lantaldeak izango direnez, gero informazio batzordeetara proposamen horiek eramatea proposatzen dugu”. Udal talde bakoitzeko ordezkari bana egotea, hilean behin elkartzea, eta tokiko gobernuko kide baten gidaritzapean antolatzea ere planteatu zuen Sagarzazuk, “eta horiek eragileekin bilerak egiteko aukera izango dute”.
Igor Enparan Abotsanitzeko bozeramaileak bere aldetik bi proposamenen artean “hainbesteko diferentziarik” ez zegoela adierazi zuen, “biek borondatea agertzen dute”. Hala, bi proposamenek aldeko botoa jasoko zutela erantzun zien jeltzaleei eta koalizio abertzaleko ordezkariei.
Koalizioko kide Isasik “harridura” agertu zuen prozedurarekin, “ezohikoa” dela proposamenak horrela aurkeztea argudiatuta. Azkenean, EAJren udal taldeak egindako proposamena onartu zuen udalbatzak jeltzaleen eta Abotsanitzen aldeko botoekin.
Bilera publikoak
Larrialdi egoerak udalaren eta herritarren ohiko bizimodu eta funtzionamendua eten duela-eta bilera publikoak online emitituak izan daitezen eskatu zuen osoko bilkuran aurkeztutako mozio baten bidez. Zerrendatutako onuren artean, “irismena, gardentasuna, parte hartzea eta kontsultarako aukera” aipatu zituen, besteak beste, Xabi Bengoetxea zinegotziak. Begi onez ikusi zuten udal talde guztiek proposamena, eta aho batez onartu zuen udalbatzak.