Asturiagako hilketa argitzeko urratsak egin ditzan galdegingo dio udalak Jaurlaritzari
EH Bilduk Roke Xabier Mendez Villada eta Jose Luis Mondragon Elortza gazte iheslariekin gertatutakoa argitzeko eskatuz aurkeztutako mozioa aho batez onartu zuen udalbatzak.
Asturiaga hondartzan 1974. urtean gertatutakoa argitzeko ikerketan urratsak egin ditzan eskatuko dio Hondarribiko Udalak Eusko Jaurlaritzari. Hala jasotzen du EH Bilduren udal taldeak Roke Xabier Mendez Villada Poeta eta Jose Luis Mondragon Elortza Moriko gazte iheslarien heriotzaren inguruan aurkeztutako mozioak. Udal talde guztien babesa jaso zuen proposamenak.
Eraildako bi gazteen senideei eta Jonan Fernandez Giza Eskubide, Bizikidetza, eta Lankidetzaren idazkari nagusiari eskaeraren kopia bat bidaltzea ere onartu zuen udalbatzak. Halaber, herritar zein talde oro gertakariaren inguruan “eduki dezaketen edozein argibide erakunde eta familien esku uztera” dei egin zuten udal hautetsiek.
Xabi Bengoetxea EH Bilduko zinegotziak udal talde guztien jarrera eskertu nahi izan zuen, “entzuteko eta adosteko” prestutasunagatik. Txomin Sagarzazu alkateak Hondarribian erabateko edo besteko indarkeriak utzitako biktimen izenak irakurri zituen, baita PSE-EEko bozeramaile Iosu Alvarezek ere. Igor Enparan Abotsanitzeko bozeramaileak bere aldetik begi onez ikusi zuen mozioa, haren aburuz, bi gazte iheslariak “fusilatuak” izan baitziren egun hartan fraideen hondartzan.
HITZA-k erreportajea argitaratu zuen maiatzean erailketaren 46. urteurrenean.