Publikoaren aldeko babesa, kalera
Euskal Herriko Eskubide Zibilen Kartak deituta atzo arratsaldean Bidasoko kaleak aldarriz bete dituzte herritarrek eta gogora ekarri osasun krisiak sektore guztiak baina bereziki zaurgarrienak kolpatu dituela.
Etxean geratu dira konfinamenduak iraun duen bitartean, bizitzak erdigunean jarrita, zaintzari lehentasuna emanda. Orain, kalera atera dira, ezinbestekoa dela diote, “gure eskubideen alde borrokatzeko”. Euskal Herriko Eskubide Zibilen Kartak deituta atzo arratsaldean Bidasoko kaleak aldarriz bete dituzte herritarrek eta gogora ekarri osasun krisiak sektore guztiak baina bereziki zaurgarrienak kolpatu dituela: “Langile prekarioen kaleratzetik hasi, pertsona migranteen kontrako erasoetatik era guztietako indarkeria jarraitu, emakumeen kontrako biolentzia areagoturaino”.
Zaldibarko zabortegian, oraindik ere zabor artean desagertuta dauden Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze langileak izan dituzte gogoan bildutakoek.Oraindik ez dituzte aurkitu.
Gogor jo du osasun larrialdiak, baina birusaren kontrako borrokan gizartea ez dela geldirik egon nabarmendu dute, “langileak, ikasleak, edo pentsiodunak izan gara birusa gelditu dugunak eta gizarte hau benetan sostengatu dugunak. Gu gara mundua mugitzen dugunak, eta gu gara, bide horretan mundua eraldatzeko boterea dugunak”. Bereziki nabarmendu dituzte auzo eta herrietan sortu dituzten zaintza eta elkartasun sareak, “pertsona zaurgarrienen autodefentsa kolektiboa auzolanean eraiki dugu guztion artean eta bizitza duina defendatzeko mekanismoak sortu ditugu”.
Indar kolektibo hori ezin da alperrik galdu, argi dute bideratu beharra dagoela, “hemen ditugun erronkei aurre egiteko; elkarlanean eta datorrenari erabakitasunez eta eraso klabean aurre egitea tokatzen da. Krisiak sistema errotik aldatzeko aukerak ere badira. Goazen horren bila”.
Azken greba feminista, urtarrilaren 30eko greba orokorra, pentsiodunen mobilizazioak, migratzaileen eskubideen aldeko mobilizazioak, larrialdi klimatikoaren kontrako manifestazioak, indar kolektibo horren adibidetzat jarri ditu karta sozialak, eta gauzak aldatu eta arazoen sustraietara joateko bultzada eta bokazioarekin datozela argi utzi du, “orain inoiz baino gehiago indartu behar ditugu pertsonen arteko sareak eta aliantzak, premiazkoa da mobilizazioa eta antolaketa behetik eraikitzea eta ezinbestekoa da kaleak hartzea”.
Asko dago jokoan, badakite. Horregatik, ezinbestekotzat jo dute aldaketa sozialen oinarritutako eta pertsona guztien duintasuna eta eskubideak lehen lerroan jarriko dituen eredu baterantz urratsak egiten jarraitzea.