[Bideoa eta galeria] Bidea egiten hasi da Bidasoa
Izan Bidea dinamikak hitzordua zuen gaur Bidasoan. Lehen kilometroa egin du euskal errepresaliatuak etxera ekartzeko bidean, eta hamarnaka hondarribiar eta irundar batu ditu Mendelu eta Zabaltza plaza artean bidea egiteko.
Sare herritarrak abiatu duen Izan Bidea dinamikak hitzordua zuen gaur Bidasoan. Lehen kilometroa egin du euskal errepresaliatuak etxera ekartzeko bidean, eta hamarnaka hondarribiar eta irundar batu ditu Mendelu eta Zabaltza plaza artean bidea egiteko. Elizetxea anai-arrebek eman diote hasiera gaurko giza kateari txalaparta doinuekin, eta dultzaina eta trikiti doinuek ere ez dute hutsik egin. Eguraldia lagun, hondo urdina zuen gezi erraldoiak zabaldu du protesta. Atzetik hamarnaka lagun, Izan Bidea lelodun kamiseta urdinak soinean gehientsuenak, eta euskal preso eta iheslarien etxeratzearen aldeko ikurrak eskutan egin dute bidea giro alaian.
Zabaltza plazara helduta, dantzariak emanaldi berezia eskaini du. Zopilotes Txirriaos talde nafarraren Siete Mares kantari pausuak gehitu dizkio, bidea izateko saiakeran bera ere. Izan ere, bidea izateko hamaika modu daude, korrika, oinez, igerian, bizikletan, taldeka edo bakarka… berdin du modua, bidea izan eta bidea egitea da kontua.
Bertsolariak hartu du txanda ondoren. Konponbidearen aldeko aldarria egin du koplaka, eta jendea lanean jarraitzera deitu, orain arte bezala “falta direnak etxeratzeko izan gaitezen bidea”. Saioa amaituta, Kotte Susperregi eta Iñigo Gebara Sare Bidasoko kideek hartu dute hitza ondoren. Bildutakoei eskerrak eman dizkiete “Izan bidea dinamikaren Bidasoko lehen kilometroan parte hartzeagatik. datozen hilabeteetan Sareren jardunaren oinarria izango den dinamika berri honen erronka hori izango da, guztion artean, bidea egitea”. Ahalik eta jende gehien batu behar dela bide horretara esan dute, “bakerako eta elkarbizitzarako bidea, konponbiderako bidea, preso eta iheslariak etxeratzeko bidea delako”.
Urratsa egin direla aitortuta, oraindik bidea badagoela erantsi dute, “heldu eta askatu beharreko korapilo sendo bat badago oraindik, euskal preso politikoen auzia. Ideia honek azken urteetan gure gizartean errotu eta gehiengo zabalak lortu ditu. Horregatik, datozen urteetan presoen egoerari aterabidea eman behar diogu behingoz”.
Espetxeetako egoerak eta salbuespen legediak “ondorio krudelak” dakartzala nabarmendu du Susperregik, eta okerrera egin duela horrek COVID 19aren osasun alarmarekin erantsi, “beti bezala, presoentzat eta beren senide eta gertukoentzat, egoera muturrekoa da”.
Lau neurri zehatz
Lau neurri zehatz urgentziaz hartzeko exijitu dute: Euskal preso guztiak Euskal Herrira ekartzea; larri gaixo diren presoak eta 65 urtetik gorakoak askatzea; preso eta senideei dagozkien bisitak berreskuratzea; eta gradu progresioa ahalbidetuta, baldintzak betetzen dituzten presoak etxeratzea.
Gebarak esan du osasun krisi fase honetan posible del urrats horiek egitea, “hala eskatzen dugu guk, baina baita Europak, Nazio Batuen Erakundeak, munduko hainbat pertsona esanguratsuk, baita euskal jendarteak ere”.
Kaleak bete eta presoen aldeko aldarriak zabaltzera deitu du azkenik. “Izan Bidea dinamikarekin bat eginez, etxerako bidea egin asmoz, inoiz egin den biderik jendetsuenean parte hartzera dei egiten dizuegu. Eman denok izena, jaitsi Izan Bidea aplikazioa zuen eskuko telefonoetan, izan bidearen parte, eta zabaldu zuen kilometroak zuen sare sozialetan. Guztion artean egin behar ditugu hiru milioitik gora kilometro, eta horretarako, kalean izan behar gara eta orain arte landu dugun kontsentsu zabal hori aktibatu eta mugimendu bilakatu”.
Gaurko mobilizazioaren balorazio positiboa egin dute Susperregik eta Gebarak, “eguraldia alde izan dugu eta talde polita elkartu gara modu itxurosoan. Orain dinamikarekin bat egitea da garrantzitsua jendeak kilometroak egin ditzan. Epe luzeko dinamika da abiatu berri duguna, eta bidean hitzordu gehiago egiten joango gara”.