[Erreportajea] Uholdea tsunami bihur dadin
Mobilizazioak egingo ditu Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak gaur, krisi ekonomikoari aurre hartzeko eta mugimenduaren planteamenduak gizarteratzen joateko helburuarekin.
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak mobilizazioak deitu ditu aste honetarako, Publikoa, funtsezkoa zaindu, aberastasuna banatuz lelopean. Hamaika dira deialdiarekin bat egin duten eskualdeak eta herriak, tartean, Bidasoa eta Oarsoaldea. Hondarribian motorrak berotzen hasi ziren herenegun, asteazkena, eta auto karabana aldarrikatzailea egin zuten Behe Bidasoko Karta Sozialaren Topaguneak deituta. Irunek, Oiartzunek eta Errenteria-Oreretak hartuko dute gaur protesten lekukoa.
COVID-19 gaitzak eragindako egoeraren ondorioz «gatazka garrantzitsua» datorrela aurreikusita bat egin du Bidasoko topaguneak deialdiarekin, Iker Eizagirre partaideak azaldu duenez. «Eredu sozioekonomikoaren mugak ezagutzen genituen, eta osasun krisiak erakutsi digu sistema hau zein hauskorra den pertsonen bizi kalitateari begira», adierazi du. Hortaz, «kapitalaren metaketa» da sistemak lehenesten duena haren aburuz, eta ez ordea «bizitzaren iraunkortasun duina». Testuinguru honetan, gatazka sozialak gora egingo duela aurreikusten du, eta beraz, aurrera begira «motorrak berotzen» joateko unea dela uste dute deitzaileek. Era horretan, karta sozialaren planteamenduak gizarteratzen hasi nahi dute pixkanaka.
Aurtengo U-30eko greba orokorraren harira eratu zen Behe Bidasoko Karta Sozialaren Topagunea, eta egoerak bultzatuta hainbat hilabetez geldirik egon ondoren, gunea berreraikitzeari ekin diote eskualdeko eragile sindikal eta sozialek. Erantzun bateratuak eman ahal izatea eta «aldaketa sozioekonomikoan gaitasun handiagoa» lortzea dira eskualdeko mugimenduaren helburu nagusiak. Gainera, osasun larrialdi honetatik «denok elkarrekin» ateratzeko beharra nabarmendu du Eizagirrek: «Guztion artean kostu batzuk jasan beharko ditugu, eta hor borroka bat sortuko da ea ardura nork hartzen duen, 2008an gertatu bezala, langile klaseak edo ea gaitasuna dugun kapitalari kostu guztiak ordainarazteko. Ez dadila izan hau berriz ere aitzakia eredu ekonomiko neoliberal honetan sakontzeko».
Aurrekariak
2008. urtean piztutako krisi ekonomiko eta finantzarioak ekarritako ondorioen aurrean eskubide sozialak eta bestelako eredu sozioekonomikoa defendatzeko jaio zen Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta. Azken urteotan mugimendua zertxobait «apalduta» egon dela onartu du Eizagirrek, baina urtarrilaren 30eko greba orokorrarekin berriz ere aktibatzea lortu zuten. Urtarrileko mobilizazioak pentsio duinen aldeko aldarria ozen zabaldu zuen Euskal Herriko kaleetan, baina azken finean, eredu sozioekonomiko osoa interpelatu zuen.
Greba orokorrerako deialdiari erantzuteko asmoz eratu zuten batzordea Bidasoan, eta mugimendu sindikalaz gain, mugimendu feministak, eskubide sozialen alde lan egiten duten eragileak, eta herri mugimenduko agenteak, Lakaxita gaztetxea tartean, komitean parte hartzea erabaki zuten. Mobilizazioari erantzuteko sortu zen topagunea. «Maila sozioekonomikoan egon daitezkeen behar eta erasoaldiei era bateratuan erantzun ahal izateko ere», erantsi du kideak.
2008. urtean gertatutakoari, hala ere, gizarteak erantzun «duina» eman ziola uste du Eizagirrek: «Testuingurua ez zen erraza, egoera soziala kasu askotan, dramatikoa zen, eta momentu horretan, gainera, aurrerapausoak eman zituzten maila errepresiboan ere Mozal legearen bidez». Bost greba orokorrera deitu zen garai hartan Eizagirrek gogorarazi duenez: «Baina azkenean, hasieran baino okerrago ginen prekarizazioaren eta sistema publikoaren babesaren ikuspegitik».
Testuinguru horretan, borroka sindikal tradizionaletik «fronte zabalago» batera salto egitea ezinbestekoa ikusi zuten eragile ezberdinek, eta beraz, molde hori zabaldu eta beste hainbat subjektuekin aliatzen saiatu ziren. Topagunea sortu zuten horretarako, eta mugimendu sindikalaz harago jo zuten, hala nola, ekonomia eraldatzailean lan egiten duten eragileengana, ekologia taldeengana, mugimendu feministarengana… Denen artean «aliantza esparrua» zabaltzea lortu zuten, baita aldarrikapenen «planteamenduak eta moldeak» ere.
Kapitalismoaren gaineko krisiak «ziklikoak» direla jakinda, eta 2008. urtekoaren ondorioak oraindik ere antzeman daitezkeela kontuan izanda, beste krisiren bat etorriko zela ziur zirela esan du Eizagirrek, «nahiz eta inork ez zuen espero etorri den moduan izango zenik». Orain, baina, bestelakoa da egoera Eizagirrek esan duenez, gatazka ez delako soilik «kapitala eta lanaren artean ematen», sistemak «bizitzak arriskuan» jartzen dituela baizik. Egoera horren aurrean aliantzak «beste mota» batekoak izatea hobetsi zuen mugimenduak, baita sistema soziekonomikoaren aldaketa eskatzen duten aldarrikapenak ere. «Jendartearen eta bizitzaren sostengu duin baterako aldarrikapen integralago baterantz zabaltzea ezinbestekoa zen», gehitu du.
Etorkizuna
Ekonomiaren eta enpleguaren gaineko aurreikuspenek egoerarik gordinenera eramango dute berriro euskal gizartea, datu ofizialek diotenez. Eizagirrek aurreikuspenak egitea «zaila» dela onartu duen arren, langabeziak gora egin duela azken hiru hilabetean Bidasoan gogorarazi du, eta datu horiei alde baterako erregulazio txostenak gehitu behar zaizkiola nabarmendu. Are gehiago, aldi baterako zenbat erregulazio txosten behin betiko bihurtuko ote diren galdetu dio bere buruari, «eta jakin badakit zuzenean ezin dutela egin». Airean utzi du esaldia Eizagirrek, eta sasoiko langileengan jarri du fokua, kasu honetan ere, garaiko zenbat lanpostu sortuko ez diren ezagutzea ezinezkoa baita. «Gero eta ohikoa da sasoiko langileak egotea, batez ere kostaldeko herrietan», kritikatu du kideak: «Faktore horiek guztiek aurreikuspenak egitea zailtzen duten arren, langabezia gora egiten ari da, eta gora egiten jarraituko duela uste dut».
Ildo horretan, administrazio publikoen diru bilketak ere behera egingo duela logikotzat jo du Eizagirrek, nahiz eta erakunde gehienek inpaktua leuntzeko talka planak aktibatu dituzten. Administrazioek martxan jarritako diru laguntza programen aurka azaldu da mugimenduko kidea, eta neurria kritikatu du: «Enpresei diru laguntzak ematen ari dira, bankuei kredituak eskatuz eta gu denak abal emaile bihurtuz. Azkenean lanpostu batzuk mantentzen dira, baina horietako asko modu fiktizioan, inongo baldintzarik jarri gabe. Estatuak eduki behar duen rol ekonomikoa berreskuratzeko momentua dela uste dugu».
Enplegu datuak mantentzearen aldeko saiakera kritikatzeaz gain, estatuak berak «funtzionatzen ez duen merkatu baten alde» egiten jarraitzea ez du begi onez ikusten Bidasoko topaguneko kideak: «Are gehiago jakinda ez dituela asetzen jendartearen beharretako asko, eta ez duela gaitasun propiorik, esan diguten bezala, enplegua eta aberastasuna sortzeko».
Egoera ikusirik «gatazka soziala» piztuko dela ziur agertu da Eizagirre, «eztanda egingo du». Horren aurrean bi bide jarrai daitezkeela uste du eskubide sozialen aldeko mugimenduko kideak; bata, 2008ko bide bera jarraitzea, «sektore publikoa zorpetuz sektore pribatua finantzatzeko»; eta bestea, Eskubide Zibilen Kartarekin bat egiten duen apustua: «Goazen sistema sozioekonomikoa aldatzera; goazen sektore estrategikoetan sektore publikoa indarrez sartzea ahalbidetzera; goazen zaintza sektorea babes sistemaren laugarren zutabean kokatzera eta lanpostu duinak sortzera; goazen fiskalitate aldetik, sortuko diren kostuak errenta altuetatik eta enpresen mozkinetatik hartzera; goazen apustu bat egitera demokratizazio ekonomikorantz eta horren gaineko eztabaida mahai gainean jartzera… ».
Argi dauka Eizagirrek eredu sozioekonomikoa aldatzeko gizartea mobilizatzea ezinbesteko baldintza dela. «Horretarako, hala ere, lehenengo shock egoera honetatik atera behar gara, pixkanaka esnatuz joan, eta kontzientzia hartu, gure ustez, momentu historiko batean gaudelako». Datorren ikasturtetik aurrera eta epe motzean aldaketak izango direla sinetsita dago irundarra, baita «zenbait oinarri aldatuko direla» ere.
Egoera baliatzera deitu nahi dituzte, beraz, herritarrak, «mobilizatzera esparru guztietan eta elkartasun uholdea sortzera». Era horretan, «ardurak dituzten instituzioei planteamendu zehatzak» proposatzera iritsiko dela mugimendua uste du, eta azkenik, poliki-poliki, beste eredu baten aldeko uholde eraldatzailea bultzatzera.
Aldarrikapen nagusiak
- Zerga erreforma «krisia kapitalak ordain dezala».
- Zerbitzu publikoak garatu eta sektore publikoak azpikontraten lana barneratzea.
- Zaintza sistema publiko, unibertsal eta doakoa.
- Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) zenbatekoa lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatu, eta etxebizitza eskubidea bermatu.
- 1.080 euroko gutxieneko pentsioak.
- 1.200 euroko gutxieneko soldata, eta gehienez 35 lan orduko astea.
- Pertsona guztien erregularizazioa.
Gaurko mobilizazioak
- Bidasoa. Irungo San Juan plazatik Zabaltza plazara manifestazioa, 19:30ean. Maskarak eta txistuak eramateko eskatu dute deitzaileek.
- Oarsoaldea. Oiartzunen Done Eztebe plazan luzatu dute deialdia, 18:30ean. Lau zutabe osatuko dira: gazteak, emakumeak, pentsiodunak eta langileak. Zarata egiteko tresnak eta musukoak eramateko eskatu dute. Errenteria-Oreretan bestalde, mobilizatzera deitu dute Herriko Plazan, 19:00etan