EAJren aldeko botoek 7,6 milioi euroko kreditu aldaketa bultzatu dute
PSE-EE eta EH Bilduren abstentzioarekin, eta Abotsanitzen aurkako botoekin aurrera egin zuen kreditu modifikazioak. Bide publikoa okupatzeagatik erabateko hobaria ere onartu zuen udalbatzak.
Osasun larrialdi egoera ezarri zenetik lehenengo aldiz bildu zen atzo Hondarribiko Udalbatza. Ohiko osoko bilkura izan arren, ezohiko irudia ikus zitekeen udaletxeko pleno areto nagusian: zinegotzi guztiak eta ezinbestekoak diren langileak. Ez kazetaririk, ezta herritar arruntik. Lehen aldiz plenoa zuzenean online jarraitzeko aukera egon zen.
Hamazazpi puntuk osatu zuten bilkuraren gai zerrenda, eta lau ordu pasatxo luzatu zen azkenean, 18:00etatik 22:15era arte. Hamaika erabaki hartu zituen udalbatzak tirabira eta zenbait tentsio uneen artean, baina irakurleen ongizatean pentsatuta atalka emango du HITZA-k horien guztien berri.
Hala, atzo bozkatutako gai garrantzitsuenen artean daude, besteak beste: 7,6 milioi euroko kreditu modifikazioa, eta ostalariei zein merkatariei zuzendutako bide publikoa okupatzegatik erabateko hobaria.
Kreditu aldaketa
7.640.797 milioi euroko aurrekontu modifikazioa onartu zuen atzo udalbatzak, soilik EAJren aldeko botoekin. Abotsanitzek aurka egin zuen, eta EH Bilduk eta PSE-EEk abstentziora jo zuten. “Bultzada ekonomiko handia” izango dela iritzi zion Txomin Sagarzazu alkateak, eta emandako informazioaren arabera, aurreikusitako inbertsioen artean daude, besteak beste: 450.000 euro Gizarte Larrialdi Laguntzetarako (GLL), 293.000 euro etxez etxeko laguntza zerbitzurako, 100.000 euro familien diru-laguntzetarako, bide publikoan inbertitzeko 2,7 milioi euro, 500.000 euro Saindua gaztelekua berritzeko, 370.000 euro San Nikolas pasabidea egokitzeko, 257.000 euro kirol klubak laguntzeko, 100.000 euro Mendelu-Eskapatxulo plan berezirako, edota 100.000 euro eskailera mekanikoak konpontzeko.
Igor Enparan Abotsanitzeko bozeramaileak azaldu zuenez, hark gidatutako alderdiak egindako zenbait proposamen jaso dituzten arren, ezadostasuna agertu zuen “kirol elkarteentzako partida bat sartzearekin, Kirolzerrek kudeatzen dituen kirol instalazioak erabiltzeko gastuari aurre egiteko”.
EH Bilduren Xabi Bengoetxea zinegotziak bere aldetik, aurrekontu “kontserbadoreak eta ausardiarik gabekoak” direla adierazi zuen. Hala ere, aldundiak iragarritako foru funtsaren finantziazioaren %20ko murrizketa udalak bere gain hartu izana “txalogarria” iruditu zitzaion zinegotziari.
Sozialisten bozeramaile Iosu Alvarezen kasuan ere, haren udal taldeak aurkeztutako zenbait proposamen onartu izanarekin ados agertu arren, ez zituen bere eskakizunak asebeteta ikusi, eta 9 milioi euroko aurrekontu modifikazioa galdegin zuen. Alokairu soziala eta zerbitzuen zein turismoaren sektoreekin lotura ez duten jarduera ekonomikoak bultzatzeko beharra nabarmendu zuen, baita eskola materiala eta ikasleentzako material informatikoa bereganatzeko diru-laguntzak aldarrikatu ere.
Hori horrela, gehiengo absolutua baliatuta EAJren udal taldeak aurrera atera zuen hasieratik proposatutako kreditu aldaketa.
Bide publikoaren hobaria
Hilaren 9an aurkeztu zuen EAJren gobernu taldeak ostalariei eta merkatariei zuzendutako azken neurria: bide publikoaren okupazioagatik erabateko hobaria 2020. urte osoan zehar. Koronabirusaren krisiaren ondorioz ostalariek eta merkatariek pairatutako egoera arintzeko asmoz aurketu zuen udal gobernuak neurria.
Abotsanitzeko bozeramaile Enparanek neurria ez zutela begi onez ikusten azaldu zion udalbatzari: “Bakarrik bidea okupatzen dutenei laguntzen die, are gehiago, okupatzen dutenaren arabera lagunduko zaie, eta hondarribiarrek dakiten bezala, EAJk nahierara erabiltzen du bide publikoaren okupazioaren kontrola”. Soilik Alde Zaharra arautua dagoela gaineratu zuen hautetsiak.
Hortaz, Itxeki Hondarribia! talka planak jasotako kritikei erantzuteko eta merkatari zein ostalarien “haserrea baretzeko” hartutako neurria dela iritzi zion Enparanek. Hala eta guztiz ere, ezin zutela aurka bozkatu ere esan zuen, “on egingo dienei ondo etorriko zaielako”.
Aho batez onartu zuen neurria azkenean udalbatzak.