Gehiengoa baliatuz HAPOaren aldeko proposamena onartu du EAJk
Oposizioak aurkeztutako mozioaren aurka proposamen propioa aurkeztu zuten jeltzaleek atzoko udalbatzarrean. Proposamenak "ezkutuan" aurkezteaz akusatu zuen Isasik gobernu taldea, eta "demokrazia falta" salatu zuen.
Hondarribiko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) aurkako sententziak bazterrak nahastu zituen atzo egindako osoko bilkuran. Abotsanitzek, EH Bilduk eta PSE-EEk osatutako oposizioak hiru puntuko mozio bateratua aurkeztu zuen epaiari helegiterik ez aurkezteko eskatuz. Horrez gain, “ondorio juridikoen inguruko azterketa partekatua” egin dezan galdegin zioten EAJren gobernu taldeari, baita Plan Orokorra udal taldeen adostasunean oinarritzea ere.
Igor Enparan Abotsanitzeko bozeramaileak hartu zuen hitza lehenbizi, mozioaren nondik norakoak udalbatzari aurkezteko. EH Bilduko Xabier Isasiren txanda iritsi zen ondoren, eta egoeraren “larritasuna” agerian utzi zuen, “ondorio latzak” ekar ditzakeela nabarmenduz. Arazo “larrien” aurrean planteamendu “irekiagoa” izan dezan eskatu zion, halaber, EAJri.
Iosu Alvarez sozialisten udal taldeko bozeramaileak, bere aldetik, HAPOaren aurkako epaia “udal honen porrotik garrantzitsuena” dela esan zuen. Are gehiago, formak edukian eragina daukala adierazi zion alkateari, eta “gehiengo absolutua” baliatzearen ondorio dela leporatu zion, “hemen ez dago txapeldunik”. Zaldunbordako proiektua ere izan zuen hizpide, eta zerbitzu sektorea alboratzera eta industria bultzatzera gonbidatu zuen EAJren udal taldea.
Oposizioaren kritikei eta argudioei erantzun zuen Txomin Sagarzazu alkateak, eta zentzu horretan udal gobernuak ez duela “arinkeriaz” jokatzen gai honen inguruan adierazi zien PSE-EE, EH Bildu eta Abotsanitzeko zinegotziei. “Bi txosten falta direlako plana indargabetzea erabaki du auzitegiak”, baina “hirigintza gaiak legearekin bat datozela” erantsi zuen.
EAJren ikuspegia
Txomin Sagarzazu alkateak EAJk egindako irakurketa partekatu zuen udalbatzarekin euren posizioa zein den argi uzteko asmoz. Hala, “hirigintza gaiak” legearekin bat datozela nabarmendu zuen beste behin, ez ordea “prozedura teknikoaren atal bat”.
Bigarrenik, epaia irmoa izango balitz, administratiboki eta juridikoki egoera “konplexua” eragingo lukeela onartu zuen, “proiektu asko neurriz kanpo geldiarazteaz gain, interes orokorrarekin zerikusia duen hainbat gairi eragingo lioke. Etxebizitza sustapen publiko eta pribatuari, eta jarduera ekonomikoen garapenari, besteak beste”.
Azkenik, udalak “eskura dituen baliabideak” epaia aztertzeko konpromisoa helarazi zien Sagarzazuk gainerako hautetsiei, “kasazio errekurtsoa aurkeztea baztertu gabe”. Gogoeta egitera gonbidatu zituen Sagarzazuk ordezkariak, “gaur ez gaude hiru puntu horiek onartzeko bere osotasunean”.
Tirabira
“Formak edukian du eragina”, erantzun zion Enparanek bigarren itzulian Sagarzazuri, eta 2017an HAPOaren bozketan gobernu taldea ez zela adostasunerako prest agertu gogorarazi zion. Gainera, epaiak Auzitegi Goreneko doktrinari erreferentzia egiten diola zehaztu zuen, helegiteak izan dezakeen ibilbidea kolokan jarriz. Zaldunbordako egitasmoa geldiarazi duelako sententziak soilik agertu zen kontent Enparan. Hondarribiarren dirua “xahutzeaz” ere akusatu zuen Sagarzazu.
“Gogoeta” egiteko eskatu zuen Isasik bere aldetik, eta gehiengo absolutua duen alderdiak “bere irizpideak eta proposamenak inposatzea, oposizioko udal taldeen proposamenen aurka” gogor kritikatu zuen. Gobernu taldeak “nahi adina eta nahi duen gaiari buruzko” proposamenak egitea zilegi iritzi zion bozeramaileak, “baina ez da onargarria oposizioak aurkezten duen ororen aurrean bere iritzia gailenaraztea”. Areago jo zuen Isasik kritiketan, eta “udalbatza honetan gertatzen dena ikusita ez dakit komeni den oposizioak ezer aurkeztea”, erantsi zuen. Udalbatzaren “demokrazia falta” agerian ere geratu zen harentzat.
Sagarzazuk, bere alderdiaren jarrera defendatu zuen, eta atzo aurkeztutako zortzi mozioetatik biren alde egin zutela erantzun zion Isasiri, eta beste bi adostu. EH Bilduko bozeramaileak, halere, oposizioaren mozioei aurre egiteko mozioak “ezkutuan” aurkezteaz akusatu zuen alderdi jeltzalea, “beti gehiengo absolutua duen alderdiarena onartuz”. Halaber, prozedura legezkoa ote den zalantzan jarri zuen. Mozioa erretiratzea proposatu zuen Isasik.
Koalizio abertzaleko bozeramaileak iragarri bezala, gehiengo absolutua baliatuta oposizioaren mozioa atzera bota zuen EAJren udal gobernuak azkenean, eta euren proposamenaren alde egin. Hain zuzen, plan orokorrak aurrera egin dezan eskura dituen baliabide guztiak mobilizatzearen alde agertu ziren jeltzaleak aurkaririk onartzen ez duen partidan.