Ficoba kultur ekitaldiak egiteko erabili nahi du EAJk
Kulturaren sektoreak azken hilabeteotan jasandako krisiari aurre egiteko Ficoban ekitaldiak egitea proposatu diote udal gobernuari.
Irungo EAJ taldeak agerraldia egin du gaur batzokian. Bertan, udarako aurreikusitako kultur ekitaldiak eztabaidatzea proposatu diote udal gobernuari, «bizi dugun egoerari erantzun osoagoa eta aberatsagoa emateko», adierazi du Xabeir Iridoy bozeramaileak. Larrialdi egoeragatik kultura sektore kaltetuenetako bat dela gogoratu dute, eta hiriko kultur eragileei laguntzeko premia nabarmendu du Iridoyk. «Irunek ezin du kultura baztertu, krisiak eragindako galerak arinduko dituen plan bat behar du, tokiko kulturaren eta profesionalen proiektuei eraginkortasuna emango diena eta tokiko kulturaren kontsumoa sustatuko duena».
Horregatik, kulturak behar duen bultzada horri laguntzeko, Ficoba erakustazoka erabiltzea proposatu dute, «osasun neurriak betetzen direla bermatuz eta errespetatuz». Asmoa bertan auto zinema, kontzertuak, aire zabaleko antzerkiak edota bestelako kultur ekitaldiak egitea da. Erakustazokaren parkinga horretarako leku egokia dela uste dute jeltzaleek.