[Erreportajea] Lasterketarik luzeena
Eskualdeko zein urrutiko herritarrek sekulako erantzuna eman diote Bidasoa Atletiko Taldearen eskaerari. 13 urteko Bikendi Aizpioleak hezur-muin emaile bat behar du, eta jada 300dik gora baiezko jaso ditu eskaerak.
Azken lau hilabeteak gogorrak izan dira Bidasoa Atletiko Taldeko (BAT) Bikendi Aizpiolea atletarentzat, baita ere haren senide eta gertukoentzat ere. Otsailean atzeman zioten medikuek leuzemia gaitza, eta ordutik etengabeko borroka batean murgilduta dabil. Gaitzari lehia irabazteko hezur-muin transplante baten beharra du 13 urteko kirolariak.
Hezur-muin emaile baten bilaketa prozesuan lagun izan du Aizpioleak BAT kluba. Azken astean «bizitza bat salbatzen laguntzeko» eskaera egin diete eskualdeko zein inguruko herritarrei, muin emaile egiteko alegia. Eta herritarren erantzuna, sekulakoa izan da, berehalakoa. BATeko presidente Ibon Muñozek datu esanguratsua eman du: «Oso-oso pozik gaude jendearen erantzunarekin. Osasun Sailetik esan digutenez, astebetean urte batean bezain beste emaile jaso dituzte, ikaragarria da». Eskualdean 300dik gora boluntariok eman dute emaile egiteko izena, eta klubeko iturrien arabera, gehiago dira ingurutik eta urrutitik ere apuntatu direnak. «Kontzientziazio ariketa» bat egin dutela dio, harro, Muñozek, «askoren begiak irekitzeko» baliagarria izaten ari dela klubak abiatutako elkartasun kanpaina hori.
Orain, izena eman duten guztiek (eta ematen jarraitzen dutenek) asteazkenetik datorren asteartera bitarte odol proba bat egingo dute, Irungo Eguzkitza BHI eskolan. «Bikendiren eskola eskertu nahi dugu, proba guztiak eskolan bertan egiteko baimena eman baitigute», gehitu du, pozik, Muñozek. Hala, hamar laguneko taldeetan bertatik pasako dira emaileak. Ondoren, odol proba guztiak Osakidetzak jasoko ditu, emaileen zerrendarako.
BATeko presidenteak azaldu duen bezala, gaitzik gabeko hezur-muin bat behar du gazteak, hau da, «%100ean osasuntsua dena». Orain arte, tamalez, gehienez %50ean bateragarriak diren muinak aurkitu dituzte medikuek. Beraz, hurrengo pausoa, 300 herritar horietako baten hezur-muina egokia ote den aztertzea izango da. Muñozen arabera, oso zaila da boluntarioen artean hezur-muin egoki bat aurkitzea, baina positibotzat jo dute jasotako erantzun erraldoia: «Hezur-muinen bankuan oinarri handiago bat osatzeko baliagarria ere izango baita, etorkizuneko kasu berriei aurre egin ahal izateko».
Tratamenduaren fase honetan, egungoan, gaztearen hezur-muina «ia erabat garbia» dagoela azaldu du BATeko kideak, baina oraindik bertan «hondakinak» aurkitzen jarraitzen dutela medikuek. Egunean bitan jasotzen du kimioterapia gazteak, astelehenetik ostiralera, hain zuzen ere. Azken asteburuetan, ordea, gutxi batzuetan hori bai, etxera itzultzeko aukera izan du kirolariak, nola ez, «osasun neurri oso zorrotzak mantenduz». «Hemendik bi astera gerrialdean puntzio bat egingo diote, hezur-muinaren garbitasun maila ikuskatzeko. Transplanterako erabat garbia izan behar du; horrela ez badago, arrisku handia dago berriro gaitza hedatzeko», gehitu du BATeko presidenteak.
Ehunka emaile jaso dituzte jada, baina oraindik ere deialdiarekin jarraitzeko asmoa du BATek, Aizpiolea ez bada, gaixotasun berbera pairatzen duten bestelako herritarrei laguntzeko asmoz. Klubaren sare sozialetan hezur-muin emaile izatea zer den azaldu dute, eta esteka bat ere jarri dute, zuzenean emaile egiteko. Hortaz, 18-40 urte bitarteko bidasoarrei deialdi berbera egin diete berriro.
Hilabete oso gogorrak
Aizpiolearen entrenatzaile Rosi Talaverarentat ere azken hilabeteak gogorrak izan dira, «bai entrenatzaile eta baita ere lagun gisa». Joan den otsailean Plaiaundin jokatutako eskola arteko jardunaldi madarikatu hori gogoan du. «Egun hori ikaragarria izan zen. Goizean hesietako lasterketa azkarrean lehiatu zen Bikendi, eta arratsaldean 1.000 metro hesietan. Egun osoan zehar oso aktibo egon zen, beti bezala, primeran aritu zen. Ez genuen sekula imajinatuko gaixo zegoenik», kontatu du. Jardunaldiaren ostean Aizipolearen amak lepoan bulto batzuk atzeman zizkiola kontatu du, eta berehala Donostiako Ospitalean ingresatu zutela. «Fisikoki zein mentalki maila altuenean zegoen, eta bat-batean, 24 ordutan kimioterapia jasotzen hasi zen, harrigarria izan zen, kolpe gogorra», dio, hunkituta.
Entrenatzailea ere oso eskertuta agertu da azken astean herritarrek emandako «erantzun ikaragarriarekin», eta bide batez, emaile egitearen garrantziaz aritu da. «Jendea kontzientziatzeko balio izan du honek, emaile egiteak duen garrantziaz jabetzeko. Bizitza asko salba daitezke». Azken egunetan Aizpiolearekin harreman gutxi izan du entrenatzaileak. Irrikaz dago Bikendi berriro Plaiaundiko pistetan ikusteko. «Itxaropen handia dugu».