[Erreportajea] Elkartasunaren egoitza
Konfinamenduaren ondorioak gehien jasaten ari direnei laguntzeko egitasmo ugari landu ditu azken aldian Irungo Gure Morada elkarteak. Ateak erabat zabaldu dizkiete herritarrei.
Irungo Gure Morada elkarte soziokulturala konfinamenduak gogorren astindu dituen herritarren babesleku bilakatzen ari da. Izan ere, azken hilabete luzean irundarren eskuetara jarri dira, bereziki zaurgarrienen beharrak asetzeko lanean aritu dira bertako kideak. Eta horretarako, elkartearen baliabide guztiak martxan jarri dituzte, baita elkartea bera ere.
Maiatzaren 11n eman zuten lehen pausoa, koronabirusaren krisiari aurre egiteko erakundeek abiatutako laguntzen inguruko informazio zentroaren proiektuarekin. Doako aholkularitza zerbitzua eskaini dute orain arte, zalantzak argitzeko asmoz. Telefonoa zein helbide elektronikoa baliatu dute horretarako, goiz eta arratsaldez eskaini dute zerbitzua. «Gizarte informazioko zentro hau sortzea lagungarria izan da une honetan gure hiriko pertsona eta kolektibo ahulenentzat eta babesgabeentzat; izan ere, haiek izaten baitituzte arazorik handienak beren eskubide berriak ezagutzeko eta eskuratzeko, baita haien ahotsa entzunarazteko ere», diote elkarteko kideek.
Datuei erreparatuta, azken hilabetean 60 bat kontsulta jaso dituztela kontatu dute, harro. «Oso pozik gaude, uste baino kontsulta gehiago jasotzen ari gara». Hartutako gai gehienak muga administratiboa pasatzeari, aldi baterako lan erregulazio espedienteei eta alokairuei buruzkoak izan direla zehaztu dute. «Azken asteotan, aldiz, bizitzeko gutxieneko diru sarrerei eta horien izapideen gaineko kontsultak jasotzen ari gara», azaldu du elkarteko kide Eukene Lopezek.
Astelehenetik, ordea, zerbitzu berbera aurrez aurre ere eskaintzen hasi dira, Izapide kaleko 9. zenbakiko lokalean, «osasun gomendio guztiak mantenduz», noski. 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00tara bertatik pasatzeko aukera izango da, astelehenetik ostiralera.
Egindako kontsultetatik ondorio garbia atera dutela diote, kezkati, elkarteko kideek. «Harrituta gaude herritarrek euren eskubideak ezagutzeko duten beharrarekin. Zenbait kontsultarekin harrituta geratzen ari gara. Esaterako, Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) jasotzeko eskubidea duten askok deitu dute, eta horietako askok ez dakite zer den», dio Jokin Uranga Gure Moradako kideak.
Ezjakintasunaz gain, bizilagun askoren egoerarekin ere txundituta geratu dira Gure Moradakoak, egoera uste baino latzago batekin egin baitute topo. «Irundar askok benetako beharrak ase gabe dituztela ohartzen ari gara. Familia asko dira euren bizilagunek emandako janariari esker bizirauten ari direnak. Hori orain Irunen gertatzen ari da, ikaragarria da», gehitu du, amorruz.
Elkarlanerako gunea
Aholkularitza zerbitzuaz gain, egoera zailenean dauden herritarrei laguntzeko egitasmo gehiago landu dituzte azken aldian. Gure Morada elkartea coworking gune bilakatzeko asmoa dutela iragarri berri dute, alokairua ordaindu ezin izateagatik lokalak itxi behar izan dituzten autonomo eta enpresa txikientzat. Zerbitzu hau ere guztiz doakoa izango dela azaldu dute elkartekoek, Internet, argia eta ura barne.
Datozen egun eta asteetan jasotako eskaeren arabera moldatuko dute elkarlanerako gune berria. Bitartean, haiekin harremanetan jartzeko edota lokaletik pasatzeko deialdia egin diete interesdun guztiei.
Elkartasunez beteriko aste hauetan proiektu gehiago sortzeko tartea atera dute Gure Moradako kideek. Irungo elkarte bati laguntzen ere hasi direla kontatu dute, janari bilketa zein banaketa egiten. «Hilaren 30ean egingo dugu lehen janari banaketa eta hilabeteroko azken asteartean errepikatzeko asmoa dugu», gehitu du Lopezek.
Datozen asteei begira ere, orain arteko proiektu guztiak mantentzeaz gain, egitasmo berri gehiago hasteko asmoa dutela iragarri dute. Datozen egun eta asteetan horien berri emango dute.
Aholkularitza zerbitzura jotzeko edota bestelako zalantza edo informazioa jasotzeko, 626 19 52 09 edo 943 11 79 37 telefono zenbakietara hots egin dezakete herritarrek, baita helbide honetara idatzi ere. Bestela, lokalean kontsultak egin daitezke.