Bidaia gastronomiko bat, erromatarren garaitik hona
Erromatarren gastronomia nolakoa zen irudikatu dute erakusketa batean, eta zer nolako eragina izan zuen Euskal Herriko sukaldaritzan. Proiekturako, Felix Manso, Iñigo Lavado eta Gorka Txapartegi sukaldariak bidelagun izan ditu Oiasso museoak.
Oiasso Erromatar Museoak erakusketa oso berezia zabaldu berri du. Gaurtik, Kostaldeko euskal sukaldaritza izeneko erakusketa bisitatzeko aukera izango da (uda guztian zehar), irailaren 30era bitarte. Bertan, erromatarren gastronomia nolakoa zen irudikatu dute, eta zer nolako eragina izan zuen euskal sukaldaritzan. Erromatarren garaitik elikadurak eta sukaldaritzak batez ere izan duen bilakaera islatu dute, tresna, elikagai eta testuekin. Esperientzia biribiltzeko, garaiko pintxoak dastatzeko aukera ere eskainiko dute bisitetan, amaieran zehazki.
Proiekturako, lehen mailako laguntza izan du Oiassok. Izan ere, Iñigo Lavado, Felix Manso eta Gorka Txapartegi sukaldari ezagunek parte hartuko dute esperientzian. Haiek erakusketarako espresuki egindako errezetak dastatzeko aukera ere izango da. Bestalde, hiruek mahai inguru batzuetan hartuko dute parte, baina oraindik ez dute datarik zehaztu.
Osasun larrialdia dela eta, neurri guztiak bete beharko dira museoan. Gehienez, 180 lagun sar daitezke museoan. Bisita gidatuetan aldiz, 15 laguneko taldeetan banatuko dituzte bisitariak. Ordutegia ere normaltasunera itzuli da. Hala, asteartetik larunbatera 10:00etaik 20:00etara eta igandetan 10:00etatik 14:00etara bisitatzeko aukera izango da.