Erlaitz eta Pagogainako gotorlekuak bisitatzeko irteera antolatu dute larunbaterako
Ia lau hilabeteko etenaldiaren ostean, martxa hartu du berriro Aiako Harriko Lapurriturri informazio puntuak. Lehen irteera antolatu dute astebururako.
Ia lau hilabeteko etenaldiaren ostean, Aiako Harriko Lapurriturri informazio guneak lehen irteera iragarri du astebururako. Zehazki, Erlaitz eta Pagogainako gotorlekuak bisitatzeko aukera eskainiko dute larunbat honetan (hilak 20). 10:00etan abiatuko dira, informazio puntutik. Irteera doakoa izango dela zehaztu dute udaleko iturriek.
Bidean zehar, arkeologo aditu bat izango dute alboan herritarrek, toki estrategiko guztien historiaren berri emateko. Izen emateak, esteka honetan egin beharko dira, ostegunera arte (hilak 18). Ibilaldi osoan zehar maskararen erabilera beharrezkoa dela gogoratu dute udaleko iturriek, eta segurtasun distantzia ere mantendu beharko da.