EH Bildu: "Hondarribiko egitura eta garapen eredua birplanteatu behar dugu orain"
EH Bilduren ustez, auzitegiek HAPOa bertan behera uztea "oso une egokian" iritsi da. Plan berri bat egiteko askoren arteko gogoeta egin behar dela uste du.
Hondarribiko EH Bilduren ustez, EAEko Auzitegi Gorenak 2017an EAJko zinegotziek onartu egin zuten Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) bertan behera uzteko erabakia “oso une egokian” iritsi da. “Hondarribiko egitura eta garapen eredua birplanteatzeko balioko du horrek”. Xabier Isasi Hondarribiko EH Bilduko zinegotziak aurreratu du oposizioko hiru alderdiek (EH Bildu, Abotsanitz eta PSE-EE) mozio bat izenpetu eta aurkeztu dutela, biharko udalbatzarrean azter dadin: udal gobernuari eskatzen diote helegiterik ez jartzea HAPOaren sententziari, eta plan berri bat egiteko prozesua ireki dezala.
Nolanahi ere, Isasik berretsi du epaiaren balorazio “ezin hobea” egiten dutela, eta une egokian iritsi dela: “Krisia, bai osasun krisia eta horren ondorioz sortu den ekonomia krisiak, agerian uzten du hemengo garapen ereduaren ahuldadea. Bereziki, eta ez bakarrik Zaldunbordako auziagatik, herritarren neurrirako hiri antolamendu plana behar du Hondarribiak”.
Isasiren ustez, birpentsatu egin behar da turismo eredua, “gentrifikazioa ekartzen duena”; baina batez ere uste du indarra jarri behar dela lehen sektorearen eta naturaren defentsan. “Oso inportantea da hori gurean. Ez eragin handia duelako, baizik eta oreka bilatu behar dugulako. Nekazariak, baserritarrak, eta arrantzaleak zaindu egin behar ditugu. Ekonomia zirkularra indartu behar dugu. Baina ingurumenaren ikuspegitik ere lan egin behar dugu. Jaizkibel Natura 2000 sarean dago, eta igarobide horretan kokatzen da Zaldunborda. Aukera dago hori ere birpentsatzeko”.
Udal gobernuari eskatu diote hori guztia serio hartzeko. Eta eragile guztien artean “eredu berri bat” lantzeko deia egin du, bai alderdien aldeko adostasuna bilatuz, baita herritarren artekoa ere. “Beharrezkoa da aniztasun hori kontuan hartzea. Baina batez ere birus zikin honek erakutsi digu zein premia daukagun gure arteko kohesioa bilatzeko. Aldaketa klimatikoa ere ate joka dugu. Tokiko erakundeetan eginahalak egin behar ditugu naturarekin oreka bilatzeko. Gure lekua bilatu behar dugu naturan, Gu naturakoak gara”.
Hirigintza antolamendurik gabe gelditu da Hondarribia. Berria egin beharko litzake, beraz. Isasik nabarmendu du elkarlanaren bidetik egin beharko litzatekeela hirigintza plan berria, askotarikoen artean adostua, denbora premiarik gabe. “Hirigintza plana inportantea da. Baina epe laburrerako aurreikusita zeuden proiektuak ez dira hain garrantzitsuak. Ez dago presa berezirik berria egiteko”.