MontessoriLAB proiektua abiatuko du Egiluze ikastetxeak datorren ikasturtean
Jaiotzetik sei urtera bitarteko haurrei eta eskualdeko familiei zuzendutako laborategia izango da, eta senideek prozesu metodologikoan parte hartzeko aukera izango dute.
Hondarribiko Egiluze ikastetxeak Bidasoko familiei zuzendutako MontessoriLAB proiektua martxan jarriko du datorren ikasturtean. Jaiotzetik sei urtera arteko haurrei bideratuta dago proiektua, eta senideen parte hartzea ahalbidetuko duen laborategia izango da.
Leyre Jimenez Zuzendari Pedagogiko eta Hezkuntza Taldeko Berrikuntzen arduradunak azaldutakoaren arabera, proiektua “itxialdi garaian sortu zen, familientzako hezkuntza baliabideak eskaintzeko asmoz”. Instalazioen egokitzapenean, barruan zein kanpoan, aurrera egin du proiektuak, “kanpoko ingurunearekin bizikidetza bilatu nahian, hala nola, belardia, baratza ekologikoa, xomorro hotela eta kanpoko gelak ikaskuntza errespetagarria eta egokituan lagunduz”.
Horrez gain, loaren hobekuntza, norberaren zaintza eta elikadura aholkuak ere barneratzen ditu programak, baita familiei zuzendutako hitzaldi eta tailerrak ere, tartean, masajeak, erlaxazioa, mindfullness edota psikomotrizitatea. “Testurek, argiek, sentipenek eta koloreek esperientzia aberasgarria sortuko dute, #etxeanbezala familia artean sentituko diren ingurune bat eskainiz”, azaldu du Jimenezek.
Montessori metodologiak haurren autonomia handitzen duela diote ikastetxeko arduradunek, “umeen errespetuan oinarrituz, ingurune seguru eta osasungarria eskainiz”.