HAPOaren aurkako epaia "guztiz neurrigabea" dela dio Hondarribiko EAJk
"Esku artean ditugun baliabide guztiekin bide guztiak aztertzeko konpromisoa hartzen dugu", adierazi dute jeltzaleek; Auzitegi Gorenean kasazio errekurtsoa aurkeztea ez dutela baztertu erantsi dute.
Hondarribiko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) aurkako epaia “neurrigabetzat” jo du gaur Hondarribiko EAJk komunikabideetara bidalitako ohar baten bidez. Oposizioak egindako balorazioei erantzun nahi izan diete jeltzaleek modu horretan, baita irakurketa propioa eskaini ere. Eta argitu dutenez, “esku artean ditugun baliabide guztiekin bide guztiak aztertzeko konpromisoa” hartzea erabaki dute. Ildo horretan, Auzitegi Gorenean kasazio errekurtsoa aurkeztea ez duela baztertu jakinarazi du EAJren udal gobernuak.
Hori horrela, “deuseztapen epaia” deitoratzen dute jeltzaleek, “izapide eta forma arrazoietan oinarrituta” indargabetu baitute, eta ez “funtsezko arrazoiak” medio. Hori dela eta, epaia deitoratu arren “pozik” agertu dira EAJko kideak, “epai honek onartu baitu errekurtsoan planteatutako hirigintza gaiak legearekin bat datozela”. Hortaz, HAPOaren aurka egindako akusazio guztiak “oinarririk ez dutela” defendatu dute jeltzaleek.
Hala eta guztiz ere, epaiak “proiektu garrantzitsuei” eragin diezaiekela onartu du oharrean udal gobernu taldea osatzen duen alderdiak, eta beraz, proiektu horiek “HAPOaren etorkizunaren baldintzapean” jarraituko dutela. Sententziak utzitako egoera “konplexua” dela iritzi diote halaber, hirigintza alorrean “legezkotasuna” agerian geratzen dela uste baitute, ez ordea “izapidetzeari lotutako akats teknikoa. Epaiak administratiboki eta juridikoki egoera konplexua eragiten du”.
Oposizioari kritika
Hondarribiko EAJk oposizioko “zenbait talde politikoren” jarrera kritikatu du, eta epaia “hondarribiarrak nahasteko” baliatu dutela leporatu die komunikatuan. Zentzu horretan, Hondarribiko Udala “EAEko erakunde ikertuena” izatearen inguruan Abotsanitzen udal taldeko bozeramaile Igor Enparanek atzo adierazitakoa gezurtatu dute jeltzaleek, eta ondoko baieztapenarekin bukatutzat eman dute komunikatua: “Administrazio publiko guztiek jasaten dituzten ohiko ikuskaritzak beste ikerketa mota batzuekin nahasteko interes politikoa dago. Udal honetan ez dira halako ikerketak existitu lehen, ezta gaur egun ere”.