Abuztuaren 8an, Hondarribian Eusko Label eta Euskotren ligak
Traineru Kluben Elkarteak (TKE) 2020ko egutegiaren berri eman du. Hondarribia da Eusko Label eta Euskotren ligetan Oarso Bidasoko traineru bakarra.
Traineru Kluben Elkarteak (TKE) jada erabaki du zein izango den 2020ko sasoiaren egutegia, bai gizonen Eusko Label Ligan zein emakumeen Euskotrenen. Lehen estropadak uztailaren 4 eta 5ean egingo dituzte A Coruñan. Gizonen kasuan azkena irailaren 20an izango da, Portugaleteko El Corte Ingles; emakumeen azkenak abuztuaren 15 eta 16an dira, Zarautzen. Eusko Labelek hemezortzi estropada izango ditu guztira, eta Euskotrenek hamabi.
Bi ligetan, Oarso Bidasoko ordezkari bakarra Hondarribia izango da. Hala, herriko arraun klubak antolatuko dituen estropadak abuztuaren 8ko arratsaldean (larunbata da) izango dira, 18:00etan emakumeena eta ondoren gizonena. Biak Mapfre Sari Nagusia izenpean egingo dituzte.
Bi kategorietan jaitsiera kanporaketak izango dira. Horren lehen estropada irailaren 19an izango da Bermeon, bigarrena hurrengo egunean Portugaleten.