Udal langile taldea osatzeko mozioa aurkeztu du Abotsanitzek
Bete gabeko lanpostuak eta behin-behinekotasuna udalaren arazo "larrienetakoa" dela iritzita, osteguneko osoko bilkurara eramango du gaia alderdiak.
Udal plantilla osatzeko mozioa eramango du Abotsanitzek osteguneko osoko bilkurara, gaur jakinarazi duenez. Bete gabeko lanpostu “asko” egoteaz gain, udal langileen behin-behinekotasuna %60tik gorakoa dela dio alderdiak. “Hondarribiko Udalak duen arazo larrienetako bat, larriena ez bada, pertsonalarena da” iritzi dio taldeak.
Zabaldutako informazioaren arabera, ondokoak dira mozioak jasotako puntuak:
- 2015etik 2019 arteko epean onartuta dauden Enplegu Publikorako eskaintzak ekitaldi honetan gauzatzeko konpromisoa hartzea.
- 2015 aurretik kontratatuta ditugun aldi baterako kontratu bidezko langileak eta obra modalitatez edo zerbitzu zehatzetarako kontratatutakoak lanpostuen zerrendan sartzea eta kontratazioa egonkortzeko konpromisoa hartzea.
- Erretiroa hartzen duten langileen kontratazioa gauzatzeko konpromisoa hartzea.
- Lanpostuen zerrenda berri bat egikaritzeko beharrezkoa den lanketa partekatua abiatzea, 2021 urte amaieran indarrean izateko konpromisoa hartuz.
- Azpikontratatutako zerbitzuen bidez eskaintzen diren udal zerbitzuak udal langilego propioaren bitartez eskaintzeko hausnarketa prozesua irekitzea.