Euskarazko errefortzu eskolak eskainiko dizkiete DBHko ikasleei
Eskolek «mintzamena hobetzea, zalantzak argitzea eta gramatika sendotzea» izango dute helburu. Hiru txandatan banatuko dituzte partaideak.
Uda honetan euskarazko errefortzu eskolak eskainiko dizkiete Irungo DBHko ikasleei, guztiz doan. «Pandemiak aurrez aurreko eskolak etenarazi zituela eta, ikasleek udan euskara praktikatzea izango da helburua. Ildo horretatik, eskolen edukiek, batez ere, mintzamena hobetzea, zalantzak argitzea eta gramatika sendotzea izango dute helburu», diote udaleko iturriek. Udalak jakinarazi berri duenez, hilaren 17an (asteazkena da) zabalduko dute izena emateko epea.
Hiru txandatan banatuko dituzte eskolak, uztailean eta abuztuan, eta talde txikietan banatuko dira partaideak, «segurtasun neurri guztiak kontuan hartuta». Lehenengo txanda uztailaren 17tik 30era bitarte izango da; bigarrena abuztuaren 3tik 14ra arte eta hirugarrena abuztuaren 17tik 28ra bitarte. Eskolak egunero emango dituzte, 15:00etatik 17:00etara. Izena emateko, esteka honetara jo beharko dute interesdunek.