«Erreakzionatu egin behar dugu, ahotsa altxatu, eta berriro ere erabili nahi gaituztenei aurre egin»
Mugimendu feministak azkenaldia jasandako akusazio larriei erantzun die Txingudi Elkarte Feministak. «Lotsagarria da egunero esnatzea martxoaren 8ko manifestazioei buruzko astakeriak entzunez».
Txingudi Elkarte Feministak martxoaren 8ko manifestazioak gogora ekarri ditu, bereziki azken hilabeteotan borroka feministak jasan duen «manipulazioa» salatzeko. Larrialdi egoeran eskuinak eta muturreko eskuinak mugimendu feminista «ariete» gisa erabili dutela salatu dute hedabideei bidalitako ohar batean, eta erabilera horren aurrean erreakzionatzeko garrantzia nabarmendu dute. «Lotsagarria da egunero esnatzea martxoaren 8ko manifestazioei buruzko astakeriak entzunez. Astakeria horiek ozenki hitz egitera bultzatu gaituzte. Isilik egotea ez da inoiz aukera baliagarria izan emakumeontzat; aitzitik, kalte egin digu gu gauza bihurtuz eta gure ahalduntzea saihestuz, gizarte zibil kritiko baten parte garen aldetik», diote amorruz.
Haien aurkako akusazioak «ekintza koldar» gisa definitu dituzte Txingudi elkartekoek. «Erreakzionatu egin behar dugu, ahotsa altxatu, eta berriro ere erabili nahi gaituztenei aurre egin». Era berean, azken urteotan feministek egindako manifestazio erraldoiak gogoratu dituzte, haien hitzetan, «feminismoaren eta kontzientzia feministaren tsunami bat» bilakatu da mugimendua.
Azkenaldian jasan dituzten erasoei aurre egiteko lanean aritu dira Txingudi Elkarte Feministako kideak azkenaldian. Sinadura bilketa bat egin dute, Change.org plataforma baliatuta, Nik ere antolatu nuen martxoaren 8a titulupean. Orain arte, 12.000tik gora sinadura jaso dituztela zehaztu dute. Kanpaina babesteko interesa dutenek, esteka honetan sinatzeko aukera dute.