Udako Solas Jolas programa berreskuratu du udalak
Bertan behera uzteko erabakia hartu arren, udalak programa berreskuratzea erabaki du, «egoerarengatik programaren benetako beharra duten familiei irtenbidea emateko».
Azkenean hiriko haurrek Solas Jolas programa gozatzeko aukera izango dute udan. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren eta EUDELen gomendioei jarraituta, bertan behera utzitako programa berreskuratzea erabaki dute, «egoerarengatik programaren benetako beharra duten familiei irtenbidea emateko». Hala, begirale zein haurren segurtasuna bermatzeko asmoz, aldaketa batzuk jasango ditu programak.
Eskainitako plaza kopurua mugatua izango da; taldeak gehienez 6koak ahalko dira izan Haur Hezkuntzan eta 8koak Lehen Hezkuntzan (332 plaza uztailean eta 80 abuztuan). Aurten, gainera, ez da irteerarik egongo, hirian barrena ibiliko dira. Gainera, egunero etxean tenperatura hartu beharko diete haurrei, eta pilaketak ekiditeko sarrerak mailakatuak izango dira.
Bihar egingo dute martxoan izena eman zutenekin zozketa, eta onartutakoen eta zain zerrendak esteka honetan kontsulta ahalko dira, 15:00etatik aurrera.