Aragon: «Kanpokoekin harremana guztiz moztea suposatu die larrialdiak»
Izan Bidea dinamikari hasiera emateko helburuarekin, Mendelutik Zabaltza plazara arteko lehen kilometroa «elkarrekin egitera» deitu ditu Sarek bidasoarrak, hilaren 20ean, 12:00etan.
Euskal Herriko Sare Herritarrak euskal presoen egoera eta horren ondorioak gizarteratzeko Izan Bidea dinamika berria martxan jarriko du hilaren 20an. Sare Bidasoak ere deialdia luzatu du, eta hondarribiarrak eta irundarrak «kilometro bat elkarrekin egitera» animatu ditu. Zenbat kilometro, baina, egitea proposatu die Sarek herritarrei? Hiru milioi baino gehiago, Euskal Herriko biztanle bakoitzeko bat hain zuzen. Iñigo Gebara eta Elixabete Aragon Bidasoko Sareko kideak dira, eta mugimendu honen gaineko xehetasun guztiak azaldu dizkiote HITZA-ri.
Datorren astean dinamika berria abiatu behar duzue Izan Bidea izenpean, zeintzuk dira nondik norakoak?
Elixabete Aragon: Ikusita Sarek azken urteetan aurrera eraman duen dinamikarekin instituzio guztietan egotera iritsi garela, alderdi guztiekin, bai herri mailan udaletan, bai diputazioetan, Eusko Jaurlaritzan, Espainiako Gobernuan… alor hori dagoeneko jorratua dagoela ikusi dugu. Gainera, alderdi guztiek, PPk izan ezik, euskal presoak hurbiltzearen aldeko jarrera erakutsi dute, baita eritasunen bat dutenak ateratzeko ere, zainketa hobea izan dezaten. Hori dena instituzioetan eta alderdien artean landuta dagoela ikusita, orain, hori gizartean zabaltzeko momentua zela pentsatu genuen. Horretarako, Izan Bidea dinamika, jendeak parte hartu dezan, polita zela pentsatu genuen, zure kilometroa egin euskal preso horiek hurbiltzeko. Modu irekian pentsatuta dago parte hartzeko aukera zabala dagoelako, bakarka edo taldeka, jendeak bere ekarpena egiten dezan.
COVID-19aren pandemiarekin agerian geratu da aurretik gaizki zegoenak orain okerrera egin duela, eta euskal presoek bizi duten egoera ezin dela inolaz ere mantendu. Lehen presoen eskubideak urratzen ziren, eta bere senideenak, eta orain okerrera egin du egoerak. Badira haur ttiki-ttikiak hilabeteak daramatzatenak gurasoak ikusi gabe; gurasoren bat adinekoa izanda eta gaixo egonda, horiek ikustera joateko baimena duten presoak ere daude, baina nahiz eta baimena izan ezin dute etorri ezin dutelako lurralde batetik bestera pasa.
Egoera asko kaskartu da, eta orain PSOEk eta Podemosek duten sentsibilitatea probestu beharko genukeela uste dugu. Euskal Herrian behintzat, bi alderdiek sentsibilitate hori izan badute. Gainera, egoera aldatzeko borondatea agertu dute, espetxe legeak betetzeko borondatea. Beraz, presoen eta haien senideen eskubideen urraketarekin amaitzeko probestu behar dira urte hauek.
Iñigo Gebara: Nazio mailan maiatzean aurkeztu zen Izan Bidea dinamika. Guk hasiera batean Bidasoan egin nahi genuena, kontuan izanda dena atzeratu egin dela COVID-19aren arazoarekin, jarduera bateratuak eta pertsonalak egitea zen. Dinamikari hasiera emateko hilaren 20an kilometro bat egingo dugu, eta horren helburua da denok elkarrekin egitea. Epe luzerako gauza bat denez, helburua da pixkanaka eragileak inplikatzen joatea, eta modu horretan haiekin gauzak antolatu ahal izatea euskal presoen inguruan dagoen arazoa gizarteratzeko eta guztion artean indarra egiteko.
Epe luzerako dinamika dela komentatu duzue. Beraz, horren barruan askotariko jarduerak aurrera eramatea aurreikusi duzue?
Gebara: Beste eragileekin zerbait antolatzen joatea da helburua, elkarteak direla edo kirol klubak, horietako bakoitzarekin. Azken finean kilometroak egitearekin lotuta dago dinamika, ez manifestazio batekin, jarduera ezberdinen bitartez kilometroak egitearekin baizik, izan daitezkeela bizikletan edo Bidasoa ibaian piraguan arraun eginez. Norbanakoak kirola egiten duenean edo paseoa ematean kilometro horiek dinamikara gehitu nahi baditu, egin dezake. Horretarako telefonorako aplikazio bat deskargatu beharko dute parte hartzaileek.
Aplikazioa egiten ditugun kilometro horiek zenbatzen joaten da, eta ondoren, kopuru totala markagailuan batzen doa. Beraz, edozeinek parte har dezake, baina bai dugu asmoa eragileekin beste jarduera berezi batzuk antolatzeko. Izan ere, hiru milioitik gora kilometro egitea da helburua, Euskal Herriko biztanle kopuruaren adina kilometro, alegia.
COVID-19ak eragindako krisiak espetxeetako egoera okertu duela aipatu duzue, zein da uneotan euskal presoek bizi dutena?
Aragon: Presoen egoera okertu egin da guri bizitza okertu zaigun bezala, ezin gara inora joan. Pentsa beraiek dutela berrogei minutuko bisita bat, eta vis a vis bat hala tokatzen bazaie, baina hori desagertu da. Kanpokoekin harremana guztiz moztea suposatu die larrialdi egoerak. Momentu honetan, egia da, dei gehiago izateko baimena dutela, baina halere, ez da nahikoa.
Gebara: Preso komunak bisitak berreskuratzen hasi dira poliki-poliki, baina euskal presoak, sakabanatuta daudenez eta bidaiatu ezin denez, inork ezin du beraiek ikustera joan. Egoera, beraz, are larriagoa da euskal presoen kasuan. Deiren bat gehiago edo bideo deiren bat egiteko aukera dute, baina hori da dena.
Aragon: Egoera normala balitz eta legeak beteko balira, euskal presoen egoera normaltzen joango litzateke gure bizitza normaltzen ari den moduan. Egoera hau, baina, luzerako da, ez da egun batetik bestera konponduko. Pentsa, ia hiru hilabeteren ondoren oraindik ezin da Nafarroara joan; nola joango dira senideak Caceresera edo Puerto de Santa Mariara? Eromena da, eta hau luzatu daiteke izugarri. Udazkenean egoera berriz ere okertu daitekeela esaten dute, beraz, hori baino lehen konponbidea eman behar diote, dagoeneko, haien egoera larrialdi egoera bat delako. Momentu honetan dena zalantzaz beteta dago, eta egoera hau berriro ematen baldin bada, eskubide urraketa gehiagorik eman ez dadin arazoa konponduta egotea nahi dugu.
PSOE-Podemos Espainiako Gobernuko bikoak honekin bukatzeko borondatea agertu duela diozue, ezta?
Aragon: Hala aipatu dute, bai, baina ikusten denez edozer gauza egiteko ere ezin dute hanka bat mugitu, besteak [eskuina eta eskuin muturra] gainera etorri gabe.
Gebara: Oso ezberdina da Euskal Herrian dagoen borondatea edo Espainian egon daitekeena. Hala ere, hau da pauso bat aurrera emateko momentua, arazo hau gizarteratzeko eta neurriak hartzeko momentua hain zuzen ere.
Aragon: Bai, neurriak hartzea beharrezkoa da, baita jendearen inplikazioa ere. Nahitaezkoa da jendarteak egoera hau konpon dadila aldarrikatzea. Gure eguneroko bizikidetzarako gai hauek berehala konpontzea ezinbestekoa dela ikusten dugu, ezin baita denbora gehiago itxoin. Gauza hauek gaiztotu egiten dute jendea, ez dira ahazten, eta lehen baino lehen konpontzea gizarte osorako onena litzateke.