'Krisia kapitalak ordain dezala' leloak eskualdeko kaleak hartuko ditu
Eskubide Sozialen Gutunak bi mobilizazio iragarri ditu datorren asterako. Asteazkenean Hondarribian auto karabana aldarrikatzailea egingo dute; ostiralerako aldiz, manifestazioa antolatu dute Irunen.
Eskubide Sozialen Gutunak Euskal Herri mailan deitutako mobilizazio berbera errepikatuko dute datorren astean Bidasoan. Eskualdeko herritarren eskubide sozialak defendatzeko eta gizarte zein ekonomia justuago baten alde borrokatzeko bi mobilizazio iragarri dituzte. Mugimendu feminista, ekologista, sindikala, anti-arrazista, eskubide sozialen aldekoa… Eragile guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera. Krisiak kapitalak ordain dezala lelopean mobilizatuko dira.
Hilaren 17an (asteazkena da) Hondarribian (Eroskiko parking-etik) auto karabana aldarrikatzailea abiatuko da. Autoa aldarrikapenekin apaintzeko deia egin dute antolatzaileek. Ostiralean aldiz (hilak 19), mobilizazio nagusia egingo dute Irunen, kaleak hartuko dituzte herritarrek. Hala, San Juan plazatik (19:30ean) manifestazioa abiatuko da. Mobilizaziorako maskarak eta txistuak eramateko deialdia luzatu dute bidasoarren artean.
«COVID 19a osasun krisia izateaz gain, eredu sozio-ekonomikoari zailtasun nabariak eragin dizkio, erakutsiz duen zaurgarritasuna eta izaera anti-soziala. Tendentzia guztien arabera, krisi hau krisi ekonomiko gero eta sakonagoa bilakatuko d», diote amorruz. Horren aurrean, bi alternatiba nagusi aurreikusi daitezkeela diote: krisia estatuaren eta langileen gain uztea edo eraldaketa soziala gauzatzea, azken hau da Karta Sozialaren hautua.