Hilaren 22an zabalduko ditu berriro ateak Hondartza kiroldegiak
Baldintza bereziekin eskainiko du zerbitzua kiroldegiak, besteak beste, aldez aurretik hitzordua eskatu beharko dute erabiltzaileek eta eguerdietan ordubetez itxiko dute desinfekzio lanak burutzeko.
Hilaren 22ko 07:30etik aurrera erabilgarri egongo da berriz ere Hondartza kiroldegia. Hori bai, baldintza bereziekin zabalduko dituela ateak aurreratu du Juan Luis Silanes Kalixa Kirol zinegotziak, esaterako, aldez aurretik hitzordua izan beharko dute interesdunek eta eguerdiro ordubetez itxiko da kirol instalazioa garbiketa lanak aurrera eraman ahal izateko.
Hilaren 18tik aurrera har dezakete hitzordua erabiltzaileek ondoko webgunean edota 943 647137 telefono zenbakian. Silanesek jakinarazi duenez, “gehienezko erreserba kopuru bat egogno da aste bakoitzeko ahalik eta jende gehienari zerbitzua emateko”. Horrez gain, metro eta erdiko segurtasun distantzia gorde beharko dute erabiltzaileek eta langileek une oro, eta higiene neurriak betetzea derrigorrezkoa izango da.
Irekiera “progresiboa”
Pixkanaka joango da kiroldegia normaltasunera egokitzen, eta zentzu horretan, irekiera “progresiboa” izango dela zehaztu du zinegotziak: “Hasiera batean, aurretiko erreserbarekin irekiko dira soinketa gelak, igerileku handia kale bakoitzeko igerilari batekin, igerileku txikia familia eta behar bereziak dituzten pertsonentzat, padel zein tenis pistak, eta pilotalekua”. Sarrera eta irteera ordutegiak izango direla erantsi du zinegotziak.
Ordainketa kuotari dagokionez, Silanesek argi utzi nahi izan du “ekaineko kuota ez dela kobratuko”. Lehen kobraketa uztailari dagokiona izango da. Horrez gain, aurtengo irailean irekita mantenduko dela kiroldegia ere aurreratu du hautetsiak, eta era horretan, martxoko bigarren hamabostaldiko zerbitzu falta konpentsatuta geratuko dela zehaztu du.