Bisita gidatuak berreskuratuko ditu Arma Plazak astelehenetik aurrera
Segurtasun neurriak errespetatuz abiaraziko dituzte turista zein hondarribiarrentzako bisitak, eta turismo "autonomoa" bultzatzeko zenbait iniziatiba ere martxan jarriko dituzte.
Maria Serrano Turismo zinegotziak eta Arma Plaza patronatuko kideak bisita gidatuak hilaren 15etik (astelehena) aurrera berreskuratuko dituztela jakinarazi du gaur. Segurtasun neurriak errespetatzeko helburuarekin, talde txikiagoetan egingo direla bisita horiek zehaztu du arduradunak, eta ezagutarazi duenez, turismo “autonomoa” sustatzeko hainbat iniziatiba ere abiatuko dituzte.
Lehenik eta behin, bisita gidatuak turista zein hondarribiarrei zuzenduta daudela gogorarazi du. Alde Zaharra, Portua, Jasokundeko eta Sagarrondoko Andre Maria parrokia eta Guadalupeko gotorlekua bisita daitezke era honetan, “osasun agintariek ezarritako protokoloa betez” beti ere.
Berrikuntza moduan, hondarribiarrei zuzendutako Topatu zure hiria! izenpeko bisita hizpide izan du Serranok. “Gure ondareko txokoez edo xehetasunez gozatzeko aitzakia ezin hobea da”, gaineratu du. Bisitak ordubeteko iraupena izango du eta gaztelaniaz zein euskaraz egingo dira.
Datorren asterako finkatutako ordutegiek aurrerantzean aldaketak izan ditzaketela ere adierazi du hautetsiak. Hortaz, Arma Plazaren webgunea kontsultatu, edota posta elektroniko edo 943 644623 telefono zenbakiaren bidez harremanetan jartzea da egokiena, gainera, aldez aurretik erreserba egitea ezinbestekoa da. Hondarribiarrentzat orokorrean, eta hamasei urtez azpiko bisitarientzat debalde da zerbitzua. Gainontzekoek lau euroren truke kontrata dezakete bisita.
Turismo “autonomoa”
Selfi-Abentura Hondarribian eta Ezetz Aurkitu? dira turismo “autonomoa” sustatzeko Arma Plazak abiatutako bi iniziatiba berriak. Lehenak, Hondarribiko hirigune historikoko txokoak bisitatzera eramango du turista, eta mugikorra baliatuz bere buruei argazkiak egitera animatu dituzte, ondoren, sareetan partekatzeko etiketa jakin batzuk erabiliz. Bigarrenak, bestalde, hamabi erronka proposatuko dizkio bertakoei zein kanpokoei, “hirigune historikoan ezkutuan dauden bitxikieria batzuk aurki ditzaten”.
Azkenik, Arma Plazaren webgunearen bitartez ibilbideen liburuxka deskarga dezakete interesdunek, baita bulegoan bertan jaso ere.