Autonomo eta enpresa txikiek txoko bat izango dute Gure Moradan
Gure Moradako kideek osasun krisiari aurre egiteko egindako ekintzen balorazioa egin dute gaur. Hurrengo pausoa, elkartean coworking gune bat zabaltzea.
Irungo Gure Moradako kideek azken hilabetean abian izan duten aholkularitza zerbitzuaren gaineko balorazioa egin dute gaur. Maiatzaren 11an zabaldu zuten zerbitzua., eta ordutik, 50 kontsulta baino gehiago egin dituzte bertan, 626 19 52 09 telefono zenbakian edota helbide honetan. Jasotako kezka gehienak muga pasatzearekin, aldi baterako lan erregulazio espedienteekin eta alokairuarekin lotutakoak izan direla azaldu dute gaurko agerraldian. Azken asteotan aldiz, bizitzeko gutxieneko diru sarrerarik gabeko herritar ugari artatu dituzte.
Aholkularitza zerbitzuarekin jarraitzeko asmoa berretsi dute, eta hala, Gure Morada bertan zerbitzu berbera eskaintzen hasiko dira datorren astelehenean (hilak 15), «osasun gomendio guztiak mantenduz». 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara Izaga kaleko 9. zenbakiko lokaletik pasa daiteke.
Coworking gunea
Osasun larrialdiak gogor astindu dituen norbanako eta enpresak ere lagundu nahi dituzte Gure Moradako kideek. Horregatik, coworking gune bilakatuko dute Gure Morada, «alokairua ordaindu ezin izateagatik itxi behar izan dituzten autonomo eta enpresa txiki guztientzat». Lan eremua guztiz doakoa izango dela gogoratu dute, internet, argia eta ura barne.
Amaitzeko, Gure Moradako kideen lanari esker, azken hilabeteotan hiriko 50 familiak elikagaiak jaso dituztela gogoratu dute. Bide bateez, krisia okerren pairatzen ari diren denei elkartasun mezua bidali diete. «Ez zaudete bakarrik, elkarrekin eta guztiok batera lortuko dugu krisi hau gainditzea».