Sanmartzialetarako baieztatutako lehen ekitaldiak aurreratu ditu udalak
Haur zein gaztetxoei begirako bi ekitaldiren berri eman berri dute jada. Egitarau osoa ordea, datozen egunotan plazaratuko dute.
Aurtengo San Pedro eta San Martzial jaien egitaraua oraindik kaleratu ez duten arren, ekainaren 23tik aurrera eskainiko dituzten zenbait ekitaldiren berri eman du gaur udalak, aurrerapen txiki bat egin dute.
Lehen erabakia San Martzial Gunea berreskuratzea izan dela azaldu du udalak. Larrialdi egoeragatik egokitu behar izan dutela kontatu dute, laugarren edizio hau «beste formatu batean» egingo dutela. Hala, San Martzial Gune Etxean izenburua hartuko du guneak; bakarka edo gehienez lauko taldeetan ibiltzen diren irundarren bila dabil udala (taldeko kideen %50a gutxienez irundarrak beharko dute izan). Partaideek bost minutuko emanaldi bat grabatu beharko dute etxean, eta jasotako guztiekin bideo handi bat egingo dute. Emaitza, ekainaren 26an esteka honetan ikusi ahal izango da. Izena emateko epea hilaren 17ra arte zabalik egongo da.
Bestalde, marrazki mosaiko erraldoi bat osatzeko asmoa du udalak, berezia. 4-14 urte bitarteko haur eta gaztetxoek mosaiko telematikoa osatuko dute, Il Duomo arte elkartearen laguntzarekin. Norberak etxean egindako marrazkiak bidali beharko dira helbide honetara, hilaren 23ra arte. Bildutako marrazki guztiekin osatutako mosaikoa Irungo Udalaren webgunean zintzilikatuko dute. Marrazkirako, ondorengo bi gaien artean aukeratu beharko dute partaideek: San Juan sua edo San Martzial Gudua.